Mankomunitateko Turismo Sailak, Ignaziotar lurraldea pro-gramaren baitan, ekaineko egitaraua kaleratu du, Ezkutuko altxorrak izenburupean. Hala, bailaran iraganera begira jarriko dira bihar eta etzi.
Zehazki, Arrasateko Erdi AroaRen eta Aro Modernoaren arteko trantsizioa, "humanismoak ekarritako aire berriak", azalduko dituzte bihar goizean, Herriko Plazatik abiatuta. Lehen irteera, 10:30ekoa, euskaraz izango da, eta bi ordu geroagokoa, berriz, gazteleraz. Oñatiko XVI. mendeko erretaulak, hots, monumentuen ezkutuko kaperak, ezagutu nahi dituenak, egun berean 12:00etan izango du hitzordua, Oñatiko Turismo Bulegoan. Eta hurrengo egunean, 11:00etan hasita, XVI. eta XVII. mendeetan eraikitako jauregi eta etxeak izango dituzte hizpide Bergaran; Laboratorium izango da abiapuntua. Mankomunitateak jakinarazi du gehienez hamarreko taldez osatuko direla bisitak, eta izena aurrez eman beharra dagoela.
