Eskibel, faboritoen artean Aramaioko Openean

Xabier Urtzelai 2021ko eka. 11a, 12:00

Iker Eskibel eskoriatzarra hirugarren dago sailkapen orokorrean.

Iazko hutsunearen ondoren, domekan (11:00) Euskadiko Openeko lasterketa egingo dute Azkoaga eta Barajuen artean prestatu duten zirkuituan. Aste hasierarako, 140 lagunek emana zuten izena: "Jendea lasterketa gosez dago".

Aramaioko Opena izan zen, 2020ko martxoan, pandemia hasierak bete-betean eragin zion kirol hitzorduetako bat. Hain justu, antolatzaileak aste barruan oraindik lasterketa antolatzeko lanetan ibili ziren, federazioen onarpena zeukaten, baina goragotik etorri zen kirol hitzordu guztiak bertan behera geratzeko agindua. "Aste barruan ikusten genuen arriskua geroago eta handiagoa zela, baina egubakoitzean bertan hartu zuten erabakia, lasterketa baino ordu batzuk lehenago iritsi ziren debekuak", gogorarazi du Martin Arriolabengoak.

Hala, lanak aurreratuta zituztela, lasterketa barik geratu ziren Aramaion; urtebete pasatxo igaro da, eta antolatzaileak lanerako gogoz daude. "Orain arteko lasterketetan ikusi da jendea lasterketa gogoz dagoela; segurtasun neurrietako bat da egunean bertan ez dela lasterketan izena emateko aukerarik egongo, aurrez egin behar da dena, eta Federazioak aurreratu digu [martitzeneko datuak] dagoeneko 140 lagunek eman dutela izena. Bada, duela hamabost egun, ia 200 ziklista batu ziren Errenteriako proban, eta kopuru horretara ez gara iritsiko, baina oso parte-hartze polita izango da".

Eskibel, aurrean lehian

Debagoieneko ordezkariei dagokienez, hainbat kategoriatan izango dira ibarreko ziklista bat baino gehiago. Nabarmenen artean, Ander Bengoa aramaioarra egongo da; lehenago ere, herrian aurreko postuetan lehian ibilitakoa da, eta bereziki gertutik jarraitzeko ziklista izango da Iker Eskibel. Eskoriatzakoa Euskadiko txapeldun izan berri da, Errenterian lehenengoa izan zen elite mailan eta Openeko sailkapen orokorrean, berriz, hirugarren dago.

Zirkuitua, berbera

Antolatzaileek ez dituzte aldaketak egingo zirkuituari dagokionez; azken urteotan moduan, Azkoagako eta Barajuengo lurretan prestatu dute ibilbidea. Hala, 11:00etan irtengo dira elite eta 23 urtez azpikoak; 11:02an abiatuko dira master 30 eta junior mailetakoak; eta 11:04an, kadeteak, emakumezkoak eta master 40 kategoriakoak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak