Euskarazko ikus-entzunezkoak sustatzeko mugimendua abiatu dute hainbat eragilek

Uxue Igarza Loiola 2021ko eka. 9a, 15:45

Sinadura bilketak abiatu dituzte Zinemak euskaraz, Netflix euskaraz eta Disney+ euskaraz ekimenenek. Eta denak batzen dituen mugimenduak aurreratu du, Euskal Herri osoko ekarpenak bilduta, euskarazko ikus-entzunezkoen aldeko manifestu bat landuko dutela datozen hilabeteetan.

Pantailetan euskarak bizi duen egoerak kezkatuta, Pantailak Euskaraz egitasmoa abiatu dute hainbat eragilek. Apiriletik hona, Euskal Herri osoko ikus-entzunezkoen sektoreko eta euskalgintzako eragileekin bilerak egin dituzte, eta irtenbide bila jardun dute. "Indarrak batuz, egoera hau irauli eta euskarazko etorkizun bat lortzeko helburua dugu", azaldu dute sustatzaileek.

Sinadura bilketak egiten ari dira orain, eta hainbat izan dira proposamena babestu dutenak: IBAIA Ikus-entzunezkoen Ekoizle Burujabeen Elkartea, EHBE Euskal Herriko Bikoizleen Elkartea, NAPAR Nafarroako Ekoizleen Elkartea, euskalgintzako eragileak…

Hiru ekimen, abian

Disney+ plataformako edukiei lotuta, iazko martxoan iritsi zen Espainiar Estatura, eta erakundeetatik berehala egin zitzaion edukiak euskaratzeko deia. "Disney-ri Euskal Herrian estreinatzen ziren filmak euskaraz ere estreinatzea iradoki zitzaionean, multinazional estatubatuarrak ez zuen inolako interesik agertu. Halabaina, ez da interes kontua, eskubide kontua baizik", azaldu dute mugimenduaren atzean daudenak. Gauzak horrela, bi dira ekimenetik egiten diren eskaerak: Disney-ri ekoizpenak euskaraz eskaini ditzala –bai Euskal Herriko zinema aretoetan bai Disney+ plataforman–, eta bestetik, erakundeei, jar daitezela harremanetan Disney-rekin.

Bestetik, Netflix plataformako edukiak euskaratzeko sinadura bilketa ere abian da, izan ere, Netflixekin harremanetan jarri ostean, hau izan zen jaso zuten erantzuna: benetan eskaria balego eskainiko lituzketela edukiak hizkuntza gutxituan. Hala, eta kontsumitzaile euskaldunak 800.000 direla kontuan izanda, atxikimendua emateko deia egiten dute mugimendutik.

Azkena eta berriena zinemak euskaraz deitutako ekimena da. Izenak dioen moduan, jatorriz euskaraz ekoitzitako filmak edota euskarara bikoiztutako eta azpidatzitako produkzioak eskatzeko abiatu da ekimena. "Gure erakunde eta alderdi politikoei, honako hau eskatzen diegu: aintzat har dezatela eta errespetarazi dezatela euskaldunok euskaraz bizitzeko dugun eskubidea, eta, zinemetan ere, euskararen presentzia legez bermatuko duen Zinemaren Legea adostu eta indarrean ezar dezatela", diote. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak