Aita Menniko grebak "oztopatzeko" enpresak ekintzak burutu dituela salatu du ELAk Lan Ikuskaritzan

Txomin Madina Milikua 2021ko eka. 8a, 20:50

Maiatzaren 26an ELAk deituta egindako mobilizazioa.

Sindikatuak Gipuzkoako Lan Ikuskaritzan jarri du salaketa. Hedabideetara bidali duen oharraren arabera, maiatzaren 24ko greba egunean, esaterako, Desgaitasun Intelektualaren Unitateko langileak erabiltzaileei telefono deiak pasatzera behartu zituzten. Ospitaleko zuzendaritzaren politikak ere kritikatu ditu ELAk, eta ekainaren 10erako eta 16rako mobilizazioak deitu.

Aita Menniko zuzendaritzak greba egunetan greba "oztopatzeko" ekintzak burutu dituela salatu du ELAk Gipuzkoako Lan Ikuskaritzan. Sindikatuak dio, esaterako, maiatzaren 24ko greba egunean Desgaitasun Intelektualaren Unitateko langileak erabiltzaileei telefonoak pasatzera behartu zituela enpresak, nahiz eta zerbitzu minimoen dekretuaren arabera zuzeneko arreta lanak soilik egin zitzaketen. Egun horretan egin ez ziren zeregin guztiak asteburuan egitera behartu zituztela gaineratu du ELAk, asteburuko langileen lan karga "bikoiztuz".

Era berean, sindikatuak dio ospitaleko zuzendaritzak "politika negargarriekin" jarraitzen duela, eta horrek "gero eta gehiago" areagotzen duela langileen kontratazioan dagoen arazoa. "Kontratua amaitzen zaien behin-behineko langileei besteen oporrak betetzeko aukera ematen zaie, baina unitate ezberdinetan lan egiten dutenetako asko ordu horiek egiteari uko egiten ari dira, baldintza horiek suposatzen duten prekarietateagatik", dio sindikatuak eta errealitate hori langileek ez ezik, pazienteek ere sufritzen dutela.

Mobilizazioak ekainaren 10ean eta 16an

ELAk gaineratzen ez duela enpresaren aldetik beste "ekintza atzerakoirik" onartuko, "ez greba egunetan ezta egunerokotasunean" ere. "Greba legezkoa den borrokarako tresna da eta errespetatu egin behar da", diote sindikatutik,eta gaineratu langileek egin dituzten lau greba egunetan enpresak ez duela inolako errespeturik adierazi: "Argi utzi du zein den bere estrategia: greba eta mobilizazioa bertan behera uztea".

Mobilizazioak ere iragarri ditu ELAk datozen egunetarako, eta langileei horietan parte hartzeko deia egin. Hala, ekainaren 10ean 17.00etatik 19:00etara Sebero Altube plazan izango dira herritarren sinadurak batzen. Ekainaren 16an, bestalde, greba egingo dute.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak