Deialdia atzo zabaldu zen eta 2021eko irailaren 13a arte egongo da zabalik, eta 18 eta 35 urte bitarteko egile berriek hartu ahal izango dute parte, zinemagintza edo ikus-entzunezko ikasketak egiten ari direnek, hain zuzen ere. 10.000 euroko balioa du bekak, eta aholkularitza programa bat eskura izango du berau jasotzen duenak, lau alorretan indar eginez: gidoia/zuzendaritza, ekoizpena, muntaia eta banaketa/hedapena.
Film laburraren gaiari dagokionez, mendiko kulturaren altzoan, mendian egin edo garatu daitezkeen hainbat jarduera bil daitezke proiektuan, hala nola, kirola, kultura, hizkuntzak, artea, ekonomia edota bestelako ekintzaren bat. Horiek horrela, sortze prozesuan, edo hastapenean dauden egitasmoak izango dira soilik onartuko diren proiektuak, ez amaituta daudenak.
Egitasmo irabazlea, BBK Mendi Film Bilbao-Bizkaia mendi zinemaldiaren 15. edizioan plazaratuko da, 2022ko abenduan. Epaimahaikideen artean daude, besteak beste, Alberto Iñurrategi mendizale aretxabaletarra eta Lara Izagirre zinemagilea.
Lehen edizioa
Iaz izandako bekaren lehen edizioan saritua izan zen Tamara Lucarini, bere proiektuan lanean ari da jada, Txango deituriko filmean. Bilboko Pagasarri mendiaren inguruan, Maria, Bruna, Paula eta Silviaren inguruko istorioa kontatzea du xede. Edizio eta postprodukzio tartean dago orain proiektua eta 15 minutu inguru iraungo dituen film laburra izango da. BBK Mendi Film Bilbao-Bizkaia zinemaldiaren aurtengo edizioan aurkeztuko da jendaurrean, abenduaren 3tik 12ra bitartean ospatuko dena.