Itxaso Plaza arrasatearra Gipuzkoako txapelduna erlojupekoan

Oihana Elortza 2021ko eka. 6a, 19:13
Itxaso Plaza txirrindularia San Antonioko podiumean.

Etxeko txirrindulari batek irabazi du arratsaldean Bergaran izan den Gipuzkoako kadete mailako erlojupekoa: Bolintxo Okendegia - Lana taldeko Itxaso Plaza arrasatearrak (13:03). Mutiletan Zatika-Goifiber taldeko Gari Ugarte izan da azkarrena (10:46).

Bergarako San Antonio kalean hasita, zazpi kilometroko ibilbidea egin dute txirrindulariek, Antzuolara joan-etorria. 80 bat txirrindularik hartu dute parte guztira Gipuzkoako kadete mailako proba honetan eta 30 segundoko tartearekin atera dira irteeratik. Tartean ziren, besteak beste, oñatiarrak, antzuolarrak, bergararrak eta arrasatearrak ere. Nesketan, Itxaso Plaza arrasatearrak egin du denbora onena: 13:03: "Sekulako sorpresa izan da. Astean preparatzen ibili naiz eta pare bat aldiz egin dut ibilbidea, baina ez nuen irabaztea espero. Aldapan ez naiz ondo ibili baina helmugarako gutxi falta zenean sprintatzea behartu nau beste txirrindulari batek, eta uste dut horregatik irabazi dudala". Limousin taldeko Aiala Serrano izan da bigarrena (13:05) eta talde bereko Oneka Sanchez hirugarrena (13:11).

Mutiletan lehen hiru sailkatuak izan dira: Zatika-Goifiber taldeko Gari Ugarte (10:46), Elgoibarko LT taldeko Eneko Ortega (10:55:22) eta Dinuy taldeko Vlad Rares (10:55:52).

Itxaso Plaza gaur arratsaldeko lasterketan.

Lokatzako Iñigo Larrañagak azaldu duen moduan, oso pozik daude Plazaren garaipenarekin: "Nesken taldea lan handia ari da egiten eta horrelako emaitza ikustea pozgarria da". Bestalde, Unai Errasti antzuolarrarengan zuten esperantza jarrita denbora ona egingo zuelakoan, "baina erorikoa izan zuen atzo eta ezin izan da etorri gaur".

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak