Debagoieneko Traumatologiako zerbitzuburua epaituko dute Osakidetzako iruzurra dela-eta

Uxue Igarza Loiola 2021ko eka. 1a, 21:09

LAB sindikatuak jakitera eman duenez, auziak hiru urte bete behar dituen honetan, beste lau kide inputatu dituzte Osakidetzako lan eskaintza publikoen iruzurrari lotuta.

Gasteizko 2. Instrukzio Epaitegiko magistratuak LAB sindikatuaren eginbideak onartu ditu, eta ekainaren 8an deklaratuko dute inputatuek. Guztira, hamaika laguni egozten zaie 2016-2017ko Osakidetzako fakultatibo espezialisten LEP lan eskaintza publikoko azterketetan filtrazioak egitea; tartean, Debagoieneko Traumatologiako zerbitzuburuari.

Hiru urte atzera

Inoizko lan eskaintza handiena egin zuen osakidetzak 2018an: 3.335 postu eskaini zituen, eta 93.000 lagunek eman zuten izena azterketak egiteko.  Espezialitate batzuetako oposizioetan, baina, iruzurra egon zela salatu zen; filtrazioak egon zirela, alegia.

Donostiako ospitaleko hodietako kirurgiako zerbitzuko buruak, Jose Maria Egañak, eman zuen iruzur-susmoaren berri lehenengo.  Gutun baten bidez, ariketak filtratu egin zirela iradoki zuen, eta Basurtuko ospitalea izendatu zuen.

Angiologia eta hodietako kirurgia espezialitateko azterketetan atzeman zituen iruzurrak Egañak, eta Medikuen Euskadiko Sindikatuak beste espezialitate batzuk ere aipatu zituen beranduago. Hala, LAB sindikatua ere ikerketara batu zen eta EH Bilduk, Elkarrekin Podemosek eta PPk alderdi politikoek Legebiltzarrera eraman zuten auzia.

2020ko abenduan egin zituzten azken deklarazioak, eta LAB sindikatuak, akusazio partikular gisa, lekuko eta inputazio gehiago eskatuko zituen: "Zerrenda handituko dugu, ikusi dugulako jende gehiagok parte hartzen zuela". Hala, sindikatuak gaur eman du jakitera beste lau lagun ikertzeko eginbidea onartu duela epaitegiak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak