Ramon Aldasoro: "Kuadrilla ederra behar da halako trial bat antolatzeko"

Xabier Urtzelai 2021ko mai. 30a, 16:27

Antzuolako lehenengo trial probak motor hotsa ekarri zuen atzo Goizper lantegiaren inguruetara. Antolatzaileek hamar zona prestatu zituzten pilotuendako, eta irteera puntuan batu ziren 60 pilotuek neurria eman zuten: "Oso harrera ona izan dugu, normalean txapelketa batean ez dira horrenbeste pilotu batzen".

Pozik egoteko moduko emaitza izan du Antzuolako lehenengo trial probak. Hainbat trial-zale antzuolar batu dira txapelketa antolatzeko, eta laguntzaile koadrila polita batu dute inguruan: "Antolatzaile taldean hamabost lagun inguru izango gara, baina ondoren beste berrogei bat lagunen laguntza izan dugu, bereziki epaile lanak egiteko", adierazi dio GOIENAri Ramon Aldasorok.

Atzo Euskal Herritik, Frantziatik eta Espainiako bazter askotatik etorritako pilotuak batu ziren Goizperreko lantegiaren aparkalekuan: "Frantziatik, Lourdes ingurutik etorri dira pilotuak, Iparraldekoak ere izan dira, Burgoskoak, Madrildik Sandra Gomez Espainiako txapelduna etorri da... Eta, eurekin batera Euskal Herriko pilotu mordoxka, oso pozik geratu gara".

Guztira 10 zona gainditu behar zituzten, epaileek emandako denbora barruan, eta ahalik eta akatsik gutxien eginda. Ez zen erraza, berezik zona batzuk teknikoak zirelako, eta esaterako, erreka inguruan zeuden 1 eta 2 zonatan ibilbidea oso labainkor zegoelako: "Espainiako pilotu asko ez daude lokatzetan ibiltzera ohituta, sikuan moldatzen dira ondo baina zorua bustita dagoenean... Eta, hor bertakook abantaila daukagu", zioen semearekin batera lehiatu zen Mikel Lertxundik. Hala, Aldasorok nabarmendu zuen ibilbidean zehar pilotuek denetik aurkitu zutela: "Errekan ibili dira, pagadietan, pistak izan dituzte, baita harri arte batzuk ere... Esango nuke nahiko zirkuitu konpletoa izan dutela".

Bada, antolaketa lanean ibili zirenendako luze jo zuen egunak. Gauza berria zen guztiendako, epaile lanetan ere ibili gabekoak ziren eta hurrengo edizioetarako atzo batutako esperientzia baliagarria izango zaie, seguru. Akats batzuk ere izan zituzten, normala den moduan: "Pilotu batzuek eskatu ziguten proba ordu erdiz luzatzea, eta onartu egin genuen. Informazio hori, baina, ez da erraza gero mendian dauden epaile guztiei jakinaraztea, ezta pilotuei ere". Horrek buruhausteren bat edo beste sortu zuen, denak ez ziren erabakiarekin konforme geratu, baina halakoetatik ikasten da, eta lehenengo edizio honek oso zapore gozoa utzi du bai antolatzaileengan, eta baita pilotuen artean ere.

Hemen Harmailatik saioan egongo den trialaren gaineko bideo erreportajearen aurrerapena (21:30).

Emaitzak, kategoriaka (emaitz guztiak, hemen):

 
Erlazionatuak

Antzuolako triala, irudietan

Xabier Urtzelai 2021 mai 30 Antzuola

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak