Simon Danger Yates vs Egan Felipe Bernal!

Xabier Urtzelai 2021ko mai. 28a, 19:01

Simon Yates, helmugan. Argazkia: @giroditalia

Giro bukaera ikusgarria geratu da Simon Yates-ek Alpe di Meran irabazi eta gero. Minutu erdia sartu dio errendimendua hobetu duen Bernal-i, baina Daniel Felipe Martinez alboan edukitzen segitzen badu, Giroa poltsikoan du kolonbiarrak.

Egan Bernalek beste pausotxo bat eman du Giroa irabazteko. Ez dauka Apeninoetan edo Dolomitetan erakutsi zuen gatza, baina  Sega di Alako txakalaldia egun bateko nekea izan zela erakutsi du Alpe di Meran. Ezin izan dio Simon Yates-en erasoari jarraitu, baina nahiko igoera txukuna egin du, taktikoki aparta, zuhurtziaz jokatuz, nagusian daukan errenta mamitsuarekin kudeatuz. Gainsariak medio, 32 segundo gehiago lapurtu dizkio Manchesterreko deabruak, baina oraindik zulo polita mantentzen du maglia arrosak bere alde: 2.49. Tarte hori galtzeko pott egin beharko luke bihar, edo minutu pare bat galdu, eta ez da erraza. Yates baino okerxeago doala agerikoa delako, baina halako errenta galtzea asko galtzea litzateke.

Yates-ek berak ere aitortu du, helmugan garaipena lortu osteko adierazpenetan: 'bihar zer Simon? Etapa? Maglia arrosa?'. Yates-ek lasai bota du: "Maglia arrosa urrun dago", zale guztiez gain txirrindulariek eurek ere lasterketaren analisi zorrotza egiten dutenaren seinale. Bernal bera ere ziur: "Daukaten errenta kudeatu dut, eta antzera egin behar dut bihar ere, mendateak garaiagoak direlako, niretzako egokiagoak". Bike Exchange taldeak dauka giltza, eta Giroa irabazi nahi badute, helburu argi batekin korritu behar dute bihar: Daniel Felipe Martinez Bernalen ezkutaria jokoz kanpo uztea. Sekulako lana egiten ari baita Bogotakoa, funtsezko laguntza maglia arrosarentzat. Nola utzi atzean, baina, Martinez? Egurrean eginda San Bernardino eta Spluga Pass, etapako lehen mailako lehen bi mendiak. Han Bernal bakarrik uzten badute sufrituko du maglia arrosak. Bernalen alboan mantentzen bada, ezinezkoa izango da.

Bike Exchange eta Deceuninq taldeek lan ona egin dute gaur etapa garaipena bilatu eta sailkapen nagusian aldeak egiteko helburuarekin. Yates-ek eraman du altxor nagusia, indartsuena izanda Alpe di Meran, baina Almeida ere sasoi puntu bikainean dago. Podiumeko aukerarik ez dauka portugaldarrak, eta akaso eraso ero bat egingo du urrunetik bihar etapa bilatzeko, Yates-ekin azken mendatean edukiko lukeen buruz burukoan gehiago baita ingelesa. Talde lana ere funtsezkoa izango da mendiko azken etapan.

Biharkoak 164 kiloketro ditu, Verbania Filippo Gannaren jaioterrian hasi eta Alpe Mottan bukatu. Lehen 70 kilometroak lauak dira, baina ondoren 40 kilometroko luzera duen mendatetzarra igoko du tropelak, Passo San Bernardino, 2.065 metrora. Luzea bai, baina ez da gogorra, baina erritmo itogarriak mina egin dezake (azken 23 kilometroetan %6.3ko pendiza). Passo Spluga etorriko da gero, 2.115 metrora, 9 kilometro eta %7.3ko batez besteko desnibela. Eta Alpe Motta azkena, atzoko eta gaurko bukaerak baino dezente etzanagoa eta motzagoa: 8.1 kilometro eta %7.8ko batez besteko malda. Alea jacta est!

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak