Osasun sailak bainu-eremuak eta hondartzak irekitzeko osasun-irizpideak zehaztu ditu

Xabier Urtzelai 2021ko mai. 28a, 18:49

Usako, Oñatin.

Pandemiaren egungo osasun-egoerak baldintzatu egiten du hondartzen eta bainu lekuen erabilpena. Eta, beraz, Osasun Sailak beharrezkotzat jo du hondartza eta bainu-eremuen erabilera arduratsua egitea eta SARS-CoV-2ren transmisioa murriztuko duten prebentzio-neurriak aplikatzea.

Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzak hondartzaren kudeaketan inplikatuta dauden agente eta erakundeei SARS-CoV-2ren transmisio-arriskua gutxituko duten kontingentzia-planak prestatzeko bide emateko gida eguneratu du. Izan ere, SARS-CoV-2 hondartza, erreka, aintzira eta igerilekuetan transmititzeko bide nagusia arnas jariakinak dira; horiek eztularekin eta doministikuekin eta pertsonen arteko kontaktuarekin sortzen dira.

Hala, gidak gogorarazten du erabilera komuneko espazioetan maskara erabiltzea derrigorrezkoa dela (aldagelak, komunak), bai eta hondartza eta bainu-eremuetan egiten diren joan-etorri eta paseoetan ere. Hala ere, ez da maskararik erabili behar izango hondartza eta igerilekuetan bainua hartu bitartean eta espazio zehatz batean egon bitartean, betiere erabiltzaileen artean pertsonen arteko segurtasun-tartea gordetzerik badago.

Gidak edukian nabarmentzen duenez, herritarren eginkizun aktiboa eta arduratsua funtsezkoa da hondartzen erabilera egokirako. Gainera, gomendio edo aholku nagusi batzuk zehaztu ditu, besteak beste: gizarte-urruntzea mantentzea; hondartzan egonaldi laburragoak planifikatzea, ahalik eta jende-kopuru handienak erabili ahal izateko; adingabeak zaintzea; hondartzan ezar daitezkeen erabilera-baldintza berrien gainean jakitun egotea eta neurri horiei jarraitzea, eta salbamenduko eta sorospeneko zerbitzuen gomendioei jarraitzea.

2021eko denboraldian, aurreko denboraldietan bezala, Osasun Sailak bainu-eremuetako osasun-zaintzaren programa jarriko du abian; programak uraren kalitatearen kontrol analitikoa barne hartzen du, araudian adierazitako parametro eta maiztasunekin, eta, gainera, aparteko egoeretan, hondartza-ingurunearen egoera higieniko-sanitarioaren zaintza eta herritarrei emaitzen berri ematea.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak