'Hamaika Gara' ekimenak 300 sinadura batu ditu eskualdean

Maialen Santos 2021ko mai. 28a, 13:38

Maiatzaren 15ean Antzuolan egindako sinadura bilketa.

Herrietan jarritako mahaietan jaso dituzte orain arte, baina webgunearen bitartez ere sina daiteke erreferendumaren alde.

Erabakitzeko eskubidea gauzatzearen aldeko jarrera nagusia ikusarazteko sinadura bilketa egiten dihardute Gure Eskuk eta hainbat eragilek, Hamaika Gara ekimenaren baitan, "erreferendum loteslea lortzea izanik helburua". Hain zuzen, COVID-19ak bete-betean harrapatu zuen ekimen hori, eta orain, "lozorrotik" atera eta hauspoa eman gura diote berriro.

Herritarren atxikimendua

Azken asteetan sinadurak biltzeko mahaiak jarri dituzte Debagoieneko zenbait herritan, eta denera 300 sinadura inguru batu dituztela azaldu du Gure Eskuko kide Lierni Olmedok. Arrasaten 90 sinadura inguru batu dituzte, Bergaran eta Antzuolan 50na eta Aretxabaletan, aldiz, 100. "Balorazio positiboa egiten dugu; izan ere, pandemiaren ostean lehen zeregina izaten dugu jendeari azaltzea zein den gure helburua", zehaztu du. "Maila nazionalean", bestetik, 15.000 sinadura inguru batu dituzte orain artean. Edozelan ere, gehitu du datozen hilabeteetan ere sinadura bilketarekin aurrera jarraituko dutela: "Sinadurak jasotzen ditugu paperean, baina, bereziki, telematikoki ari gara jasotzen". Hamaikagara.eus webgunean dago sinatzeko eta informazioa eskuratzeko aukera, hain zuzen.

Uztailaren 3an ekitaldi nagusia egingo dute, Bilbon: "Bertan, alde politikoa eta kulturala uztartuko ditugu, eta jendearen parte-hartzea eskatu". Behin jendearen atxikimendua lortuta, EAEren kasuan, Eusko Legebiltzarrean erreferendum "legal eta lotesle" bat egiteko aldarria egitea da dinamikako bultzatzaileen asmoa.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak