Esperimentazio aurreratuko prozesua abiatu dute Arantzazun, Gipuzkoa jasangarri bat ahalbidetzeko

Miren Arregi Amasorrain 2021ko mai. 24a, 20:44

Etorkizuna Eraikizek bultzatzen duen Gipuzkoa Deep Demonstration prozesuko lehenengo mintegia hartu du gaur Arantzazulabek, Arantzazuko Gizarte Berrikuntza Laborategiak. Gipuzkoaren trantsizio jasangarri, sozial, ekonomiko eta ingurumenekoan aurrera egitea du helburu esperimentazio aurreratuko prozesuak.

Karbono isurketarik gabeko ekonomia baterako trantsizioa bizkortzeko jaio da Etorkizuna Eraikizek eta Europako Climate-KIC erakundeak –Europaren karbonorik gabeko ekonomia bultzatzeko ekimena– elkarlanean martxan jarri duten Deep Demostration prozesua. Gaur egin dute lehen saioa, Arantzazuko Gizarte Berrikuntza Laborategian.

50 bat lagun batu ditu saioak, horietako batzuk telematikoki. Tartean ziren Gipuzkoako Foru Aldundia ordezkatuz Ingurumeneko eta Obra Hidraulikoetako foru diputatu Jose Ignacio Asensio, Estrategiako foru zuzendari Sebas Zurutuza eta Ingurumeneko foru zuzendari Monica Pedreira. Climate-KIC ordezkartuz, erakundeko zuzendari Kirsten Dunlop –telematikoki parte hartu du–, eta baita beste hainbat eragiletako ordezkariak ere: hala nola, Debagoiena 2030 ekimeneko kideak, zein Agirre Lehendakari Center-ekoak.

Gipuzkoako Foru Aldundiko iturrien arabera, Climate KIC-ekin egindako aliantzari esker "Etorkizuna Eraikiz ekimenak eta Gipuzkoa osoak aukera izango dute lurraldearen beharrak eta indarguneak Europako Itun Berdearen testuinguru zabalagoarekin lotzeko. Horrela, Gipuzkoa Europara gehiago hurbildu ahal izango da, klima eta ingurumen arloko erronkak esparru politiko guztietako abagune bihurtzeko, eta trantsizio justuago eta integratzaileago baterantz aurrera egiteko".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak