Miren Josune Bikuña eta Miren Apraiz Espainiako txapeldun Sestao taldearekin

Xabier Urtzelai 2021eko maiatzaren 24a

Sestao Triatloi Taldeko kideak Valladoliden irabazle. Miren Apraiz, goian, ezkerretik bosgarrena. Eta behean, Miren Josune Bikuña erdian. Argazkia: Sestao Triatloi Taldea.

Asteburuan egin dute Valladoliden Espainiako Duatloi Txapelketa, eta bertan zenbait kategoriatan jardun dute duatletek. Hala, Bigarren mailan Sestao Triatloi Taldeko neskak nabarmendu ziren, eta tartean ziren bi debagoiendar, Miren Josune Bikuña oñatiarra eta Miren Apraiz arrasatearra. 

Sestaoko Triatloi Taldeko neskek azpimarratzeko moduko lana egin dute asteburuan Valladoliden. Zapatuan izan zuten lasterketa, Espainiako Duatloi Txapelketa zegoen jokoan, eta taldeka, bigarren mailan txapeldun izan dira bizkaitarrak. Eta, taldekako lorpen horretan ekarpena egin dute bi debagoiendarrek, Miren Apraiz arrasatearrak eta Miren Josune Bikuña oñatiarrak.

Aurrealdeko postuetan Marina Muñoz (Triatlon Soriano), Carla Dominguez (Fasttriatlon) eta Paula Herrero (Alusigma Peñota Dental Portugaletekoa) ibili ziren lehia estuan, Muñozek irabazi zuen bizikleta gainean egindako erasoari esker, eta atzerago, baina talde lan ona eginda, Sestaoko triatletek urrea jantzeko besteko puntu batu zituzten. Hala, taldeka egindako lan onari esker lortu zuten bizkaitarrek urrezko domina.