Pentsiodunen bizikleta martxa Debagoienetik igaroko da hilaren 26an

Aitor Martinez Gorosmendi 2021ko mai. 24a, 12:20
Pentsiodunen elkarretaratzea, Bergaran.

Gaur hasi da Errenterian Gipuzkoako pentsiodunek Pentsio publiko duinak! Murrizketarik ez! lelopean antolatu duten bizikleta martxa.

26an, eguaztena, sartuko da Oñatitik pentsiodunen bizikleta martxa. Olapoton dozena bat txirrindularik egingo diote harrera parte-hartzaileei, eta 10:30etan salda beroa eta patata tortilla mokadua eskainiko zaie herriko plazan.

Ondoren, Arrasateruntz abiatuko dira, eta 12:30etan herriko plazan ekitaldia izango da. Arrasaten bazkaldu ostean, Aretxabaleta eta Eskoriatzatik igaroko dira txirrindulariak, eta geroago, Antzuolara gerturatuko dira. Bertan, 17.30ak aldera harrera egingo diote.

Etapa amaiera 18:00ak aldera Bergaran izango da, eta harrera udalak egingo du. Jarraian irrintziak, txalaparta eta bertsoak egongo dira, eta amaiera emateko Feministen performance-a izango da. Ekitaldia "alaia, koloretsua eta anitza" izango dela aurrreikusten dute antolatzaileek. Hurrengo egunean, hilaren 27an, Bergaratik abiatuko da martxa 9:00etan, eta Osintxutik Soraluzerako bidea hartuko dute pentsiodunek.

Maiatzaren 29an, manifestazioa

Gipuzkoako pentsiodunen mugimenduak deia egin du hilaren 29an egingo den manifestaziorako. Oraingoan, EHko Pentsiodunen Mugimenduak eta Estatuko herri eta Erkidegoetako Pentsiodunen Plataformak bat egin dute herri desberdinetako mobilizazioak bultzatzeko. Pentsio Publiko duin eta nahikoak defendatzea, murrizketak eta pribatizazioak baztertzea eta gutxieneko pentsioa 1080 eurokoa izatea aldarrikatzen dute pentsiodunek.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak