Paperean sekulakoa izan behar zuen hamabigarren etapak... baina txirrindularitzan, beste kirol diziplina guztietan bezala, protagonistek agintzen dute. Haiek gogoa non, zangoa han, baina gogo edo borrokarako kemenik erakusten ez badute, jai dago. Atzoko sterratoko etapan ikaragarri gozatu genuen bezala, gaur aspertu egin gara, eta lokartzeko zorian egon sarri. Tropelak, INEOS-en eskutik, somnolentzia razio bat inposatu du talde nagusiaren bidean, lokartu egin du erabat, eta behin ihesaldia eginda, nahiko lasai egin ditu etapako azken 150 kilometroak. Etapako bigarren zatiko euri zaparradek are gehiago mantsotu dute tropela, eta ez da ezer pasa oilarren artean. Pasatzeko moduko terrenoa sobera bazegoen ere.
Sterratoaren zehar-kalteak. Atzo jendea muga-mugan helmugaratu zen Monticenon, eta gaur, biharamunean, 212 kilometro luze eta borroka handia, asko belaunikatzeko arriskua. Hurrengo 10 egunetan zer etorriko den jakiteak ere ez dio onik egin arriskua hartu nahi zuenari. Egin kontu, etzi Zoncolan igoko dutela, eta astelehenean Dolomitetako tappone handia, 5.700 metroko desnibel metatua duen etapa. Jendea daukan apurra gordetzen saiatzeko dago, dagoeneko, apur hori alperrik galtzeko baino. Eta Bernal eta lagunen kontrol zorrotza ikusita, erabaki erraza: etapa osatu, indarrak gorde eta segi aurrera!
Etapako lehen herena ikusgarria izan da. Erasoari erasoa, denek zekitelako ihesaldia iritsiko zela helmugara. Mila ahalegin, mila mugimendu... eta eroriko franko. Ondorio larrienak utzi dituztenak, Marc Soler eta Alessandro de Marchi erretiratu egin baitira. Masnada, Goosens eta beste ere bai. Ihesaldia, hamaikagarrenez, ona, maila handikoa. 16 lagun, eta azken mendatean lau indartsuenak buruan: Vendrame, Chris Hamilton, Brambilla eta George Bennett. Mokoka aritu dira laurak, zuk tira, nik begira, zuk lan eta nik jan, eta azkenean Vendrame eta Hamiltonen artean erabaki da garaipena. Ag2r taldeko italiarra nagusitu da. Nagusian ez da aldaketarik egon.
Bihar 13. etapa jokatuko da, Ravena eta Verona artean. Erabat laua. Muinorik txikiena ere ez. Volata. Ziur. Etzi bestelako kontuak izango dira, Zoncolan mamuan.