Gazteak nahi duena... eta Remcok ahal duena!

Andoni Urbistondo 2021ko mai. 19a, 19:00

Evenepoel izan da eguneko galtzailea sterrato-an, 2.08 galduta; Bernal oso nagusi da, baina podiuma eta Top 5a oso irekiak daude; txikizio handia egin dute Toscana ederreko muino eta lurbideek.

Euskal esaera zahar batek dio: "gazteak nahi duena, eta zaharrak ahal duena". Gazteek nahi zutena egin dute Toscanako paraje zoragarrietan, sterrato edo lur zoru bideen erresuman. Mauro Schmidt 21 urteko suitzar gazteak, Qubeka taldekoa izan da etapa garailea. Zer esan berarekin batera iritsi den UAE-Emirates taldeko Covi italiarra, 22 urtekoa. Ausart. Indartsu, bigarren etapan. Eta Egan Bernal-i buruz zer?. Agintari, capo cannonnieri Giroan. Beste guztiak baino gehiago da, eta bere taldea ere bai. Maisuki mugitu zituen piezak INEOS taldeak, eta Bernalek erremate ezin hobea eman. Batez ere urduri jartzen zuen aurkaria jokoz kanpo utzi duelako: Remco Evenepoel. Evenepoel ere gaztea da, baina aipatutako esaera zaharra aldatu egingo dugu Wonder Boy- aren ezina azaltzeko: "Gazteak nahi duena... eta Remcok ahal duena"... 

Deceuninq eta Remco izan dira eguneko galtzaile nagusiak, baina azkenerako oso oso txarra izan zitekeen eguna hainbestean libratu duela esan genezake. Ez du Giroa irabaziko, Bernal irits ezin ari delako, baina Almeida taldekidearen laguntzari esker galera ondroso bilakatu du Evenepoel-ek Montecinoko helmugan. Tarteka hiru minututik gertuko atzerapena izan du, baina 2.08ra helmugaratu da azkenean, eta podiuma 1.10ra dauka. Ikuskizun, dena den, gaur hartu duten egurrak ze eragin izango duen etorkizunean, txirrindulari ia guztiak porru eginda iritsi direlako. Oso oso aldakor dago Giroa, Bernal bera, eta akaso Vlasov izan ezik. Beste ohorezko postuetan dantza ikaragarria egongo da, Evenepoel baino okerrago aritu delako, esaterako, Martin, edota Ciccone, bikain orain arte, baina ahuldadeak jota azken 10 kilometroetan.

Nahi eta ezin

Evenepoel baldar aritu da sterrato-an, beldurti, konfiantzarik gabe. Lombardian iaz izan zuen erorketako mamuak presente zituela, zalantzarik gabe. Lehen sterrato zatian ikusi zaio ezina, gainera (bide batez, Beterri aldean mendian sterrato-an ibiltzen direnek todouno bidea esango liokete sterratoari). Kokapen ona lortzeko ere komeriekin, eta susmoa egitate bilakatu da hirugarren lurbidean. Ziplo, ezin jarraitu onenen erritmoari, eta segundoak tantaka galtzen. Gero eta atzerago. Eta Remco bera une kritiko hori gestionatzeko komeriekin, haserre, irratiko entzungailua modu txarrean kenduta. Gaindituta bezala. Eta halako batean Almeida taldekidea agertu zaio aurrez aurre. Fatimako Ama Birjina, pentsatuko zuen Evenepoel-ek, portugaldarrak eraman, lagundu izan ez balu oinetakoak ere galduko zituelako gaur belgikar gazteak.

Oilarren taldean Jainkoa Bernal da. Vlasov-ek ematen du konfiantza apur bat, baina azken muinoan ere motorreko reboluzioak jaitsi behar izan ditu Buchmannen erasoaren aurrean. Dan Martin Toscanako muinoetan ardo dastaketan ariko da oraindik eta Ciccone tiffosien errege berriak ere pott egin du. Caruso, Yates eta Carthy hainbestean aritu dira, baina sentsazioa da txakalaldi asko eta serioak etorriko direla, gaurko etapan asko eta asko muga-mugan helmugaratu direlako. Aurretik geratzen dena ikuste hutsak beldurra ematen du. Maglia arrosaren jabea hain sendo ikusteak borroka odoltsuegia ez dela izango pentsatzera eraman gaitzake, baina Bernalen esker-eskuin jartzea, Milango podiumean, maiatzaren 30an, argazki horrek urrea balio du, eta hori lortzeko muturreko asko ikusiko dira.

Biharkoa, Giroko luzeenetakoa

Bihar bertan, hasteko, etapa benetan gogorra, Giroko luzeenetakoa: Siena-Bagno di Romagna, 209 kilometro eta 3.500 metroko desnibel metatua, denera. Bidean, hirugarren mailako bi mendate, eta bigarren mailako beste bi. Passo del Carnaio da azkena, hiru kilometrotan %9ko batez besteko malda daukana, eta helmugatik bederatzi kilometro eskasera. Gaur tabloi dezente ikusi ditugu, bihar besteren bat azalduko da...


SAILKAPEN NAGUSIA

1.     EGAN BERNAL     42.35.21"
2.     ALEKSANDR VLASOV 45era
3.     DAMIANO CARUSO 1.12ra
4.     HUGH CARTHY 01.17ra
5.     SIMON YATES 1.22ra
6.     EMANUEL BUCHMANN 1.50ra
7.     REMCO EVENEPOEL 2.22ra

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak