Aldundiak barne ekintzailetzako proiektu pilotu bat abiatuko du Lazpiur eta Soraluce enpresetan

Uxue Igarza Loiola 2021ko mai. 19a, 17:39

Guztira Gipuzkoako sei enpresa txiki eta ertainetan abiatuko da proiektua, eta helburua ekintzailetza orokortzeko "ezagutza eta jardunbide egokiak sortzea" da. Gainera, Mondragon Unibertsitateak ere parte hartuko du, bestelako aholkularitza enpresa batzuekin batera.

Foru Aldundiak egindako ikerketaren arabera, industria arloko enpresa txiki eta ertainen %80k ez du esperientziarik barne ekintzailetzako praktiketan eta jardueretan: "Oro har, enpresa txikiak dira, familiakoak, negozio edo teknologia bakar batean zentratuak, produktu propiorik gabeak eta beste batzuek azpikontratatuta lan egiten dutenak, hornitzaile gisa, etab.". Gauzak horrela –eta datuak Europar Batasuneko batez bestekotik "urruti" daudela-eta (EAEko barne ekintzailetzako jarduera-tasa % 1ekoa da eta Europakoa % 5,8koa)– Gaitzen programa abiatu du Aldundiak.

Lurraldeko sei enpresatan garatuko da proiektua (tartean, Bergarako Lazpiur eta Soraluce enpresetan) eta Mondragon Unibertsitatea, aholkularitza enpresak eta ekintzailetzari laguntzeko ekosistemako eragileak ere jardungo dute laguntzaile gisa. Hain zuzen ere, Mondragon Unibertsitateak negozio berrien sorreran inplikatutako pertsonentzako prestakuntza emango du.

"Proiektuaren helburua da enpresei metodologia bat ematea. Horretarako, ibilbide orri bat zehaztuko da, berrikuntza kontuan hartuko duena maila guztietan, negozio lerro edo unitate berriak edota enpresa berriak sortzeko", azaldu du Jabier Larrañaga Ekonomia Sustapeneko, Turismoko eta Landa Inguruneko diputatuak. Guztira, 280.000 euroko aurrekontua izango du programak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak