Maddi Agirre txapeldun eta Eukene De los Aires txapeldunorde Arabako Eskolarteko finalean

Larraitz Zeberio Lekuona 2021ko mai. 15a, 20:47
Arabako Eskolarteko Bertsolari Txapelketako finalistak sariekin. (Iturria: Bertsozale.eus)

Gasteiztarrak izan dira nagusi Aguraingo Harresi aretoan gaur jokatu den Arabako gaztetxoen XXVI. Eskolarteko finalean. Sei finalisten artean zeuden Aramaioko Danel Herrarte (17 urte) eta Gari Arexolaleiba (16 urte).

Aguraingo Harresi Aretoan izan da gaur Bertsoa Bizi Gazte Eguna, eta bertan jokatu da Arabako Eskolarteko bat-bateko finala ere. Sei bertsolari gaztek jokatu dute finala, eta tartean ziren Danel Herrarte eta Gari Arexolaleiba aramaioarrak. Haiekin batera izan dira txapelaren lehian Maddi Agirre, Eukene De los Aires eta Hegoi Amabizka gasteiztarra zein Aguraingo Beñat Cano.

Koronabirusaren kontrako neurriekin egin da finala, eta saio beroa eta maila txukunekoa egin dute bertsolariek. Zortziko handian, zortziko txikian, eta bakarka puntuan aritu dira lehenengo finalistak. Gero etorri da gai irekiei erantzuna emateko txanda.

Fernando Sopelanak, Egoitz Iradierrek eta Aitor Jimenezek osatu dute epaimahaia eta Maddi Agirre izendatu dute txapeldun. Euneke de los Aires izan da txapeldunorde. 

Aramaioko Bertso eskolako kide den Peru Abarrategik egin ditu gai-jartzaile lanak. Hasieran urduri ikusi ditu Herrarte eta Arexolaleiba, baina behetik gora egin dutela adierazi du eta "oso fin" amaitu dutela. "Saioa ederra izan dela esango nuke", adierazi du Abarrategik. "Pena izan da aramaioarrik ez sailkatzea Euskal Herri mailako txapelketara, baina gazteak dira oraindik. Urduri ikusi ditut hasieran. Seiak gainera. Gero, behetik gora egin dute denek, eta baita ere Herrartek eta Arexolaleibak. Bueltan ematea lortu dute, eta hortik aurrera ondo egin dute bertsotan, baina puntuazio aldetik apur bat berandu izan da". Aukera berriak etorriko direla ziur dago Abarrategi.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak