"Komunikatzaile izateko gaitasun ezberdinak lantzeko aukera izango dute gazteek, modu dibertigarrian"

Mirari Altube 2021ko mai. 16a, 19:00

Eneko Azkarate (Goiena) eta Zuriñe Maguregi (MU), ikus-entzunezko komunikazioaren fakultatean, Aretxabaletan.

Lehen aldiz antolatu dituzte Komunikazio Udaleku Irekiak (KUI) Mondragon Unibertsitateak eta Goiena Komunikazio Taldeak. Podcast-ak grabatu, youtuber izateko gakoak ezagutu, foto-kazetaritzan murgildu, albiste egiazko eta faltsuak nola detektatu... ikasiko dute modu atsegin eta dibertigarrian.

Zuriñe Maguregi Mondragon Unibertsitateko irakasleak eta Eneko Azkarate Goienako Edukien zuzendariak eman dituzte bi erakundeek antolatu dituzten komunikazio udalekuen gaineko zehaztasunak.

Komunikazio udalekuak ez dira oso ohikoak inguru hauetan. Bakarrenetakoa da zuena?

Bai. Katalunian bada bat, Ara egunkariarena, kazetaritzako campusa. Hura aintzat edo eredu moduan hartuta diseinatu dugu gurea, baina ez da haren berdina. Fundesplai Fundazioarekin batera antolatzen dituzte haiek eta egun osoko udalekuak dira, hau da, astelehenetik ostiralera eguneko jardueraz gain, bertan lo egiteko aukera izaten dute gazteek. Hura, kazetaritzara bideratuagoa da; gurean, ordea, komunikatzaile baten profil ezberdinak ezagutzeko aukera eskainiko ditugu: kazetari, aurkezle, irrati esatari...

Gaur egun, komunikazioaren ikuspuntutik, gazteei interesekoak eta erakargarriak izan ahal zaizkien bideo grabaketak, kamera aurrekoak, youtuberrak, poadcast edo entzuteko moduko eduki digitalak, argazkigintza… horiek jorratuko ditugu. Era berean, euren prentsamendu eta ikuspegi kritikoa ere landu nahi da udalekuek irauten duten egunetan zehar. Izan ere, gaur egun komunikazio kanal ezberdinetatik jasotzen duten informazioa kudeatzeko tresnak eta estrategiak ikasiko dituzte, betiere, jolasean ari diren bitartean. 

Nola sortu zaizue Komunikazio Udaleku Irekiak antolatzeko ideia?

Iruditu zitzaigun Debagoienean elkarren ezagunak diren, elkarrekin proiektuak landu dituzten eta komunikazioa langai duten erakunde bik, Mondragon Unibertsitateak eta Goiena Komunikazio Taldeak, aukera zutela gazteei bideratutako udako campus berezituak egiteko. Adituak gara komunikazioan eta badugu eskarmentua hezkuntzan eta hedabideen alorrean. Gainera, halako ekintzek eskatzen dituzten beharretara egokitzen diren espazio fisikoa eta materiala ere badauzkagu –ikus-entzunezko fakultatean zein Goienako instalazioetan–, profesionalak ere bai, eta baita zabalkunderako euskarri egokiak ere. Bien arteko sinergiak aprobetxatuz, eskaintza erakargarria aurkez dezakegula uste dugu.

"Udalekuetan parte hartuko duten gazteek dituzten egungo interesei lotutako edukiak landuko dira udalekuetan"

Zein da udaleku hauen bereizgarria?

Udaleku hauen berezitasun handiena bertan parte hartuko duten gazteek dituzten egungo interesei lotutako edukiak izango dira. Izan ere, ohikoa da etxeko txikienentzako udalekuak antolatzea, baina hemen gazteek ere izango dute euren intereseko gaiekin ondo pasatzeko aukera. Gaur egun, gazte eta gaztetxo gehienek berezkoa dute komunikaziorako grina. Bideoak egiten dituzte eta informazioa hainbat kanal eta sare sozialetan kontsumitzen dute une oro. Gertuko gaia da eurentzat eta aisialdiarekin lotzen dute, baina agian ez dira jabetu euren etorkizuneko ibilbide profesionalaren parte izan daitekeela. 

Baliabideak zuek jarriko dituzue

Bai. Mondragon Unibertsitatearen Aretxabaletako campusean zein Goiena Komunikazio Taldearen egoitzan, Arrasaten, badugu komunikatzaile lanetan aritzeko material profesionala: bideo-ediziorako ekipoak, kamerak, telebistako platoak… Udalekuak Aretxabaletako MUren ikus-entzunezko campusean egingo dira, baina Goienara bisita ere egingo dugu.

"Komunikatzaile izateko beharrezkoak izan daitezkeen gaitasun ezberdinak lantzeko aukera izango dute gazteek"

Euskal Herri osora zabaldu duzue. Zergatik?

Mondragon Unibertsitatearen ikus-entzunezko komunikazio campusa erreferentzia da komunikazioan Euskal Herrian eta, era berean, Goiena Komunikazio Taldea, tokiko hedabideen artean. Debagoienean kokatuta bagaude ere, edozein euskal herritar euskaldunendako izan daitezke erakargarriak udaleku hauek.

Zer egin ahalko da Komunikazio Udaleku Irekietan?

Aipatu bezala, komunikatzaile izateko beharrezkoak izan daitezkeen gaitasun ezberdinak lantzeko aukera izango dute gazteek. Fact checking edo albiste faltsuen identifikazioa egin; kamera aurrean aritzeko gako batzuk ikasi; eskuko telefonoarekin egin daitezkeen irudien grabaketa eta edizio lanak egin; argazki bidezko kazetari lanetan aritu; poadcast-ak grabatu edota youtuber izateko jakin beharrekoak ikasi, besteak beste. Hori guztia modu dibertigarrian, ezin baitugu ahaztu udalekuak direla eta ondo pasatzera datozela gazteak.

"Ainhoa Vitoria, Aiora Mujika @probatxoa edota eta Xabier Urzelai izango dira udalekuetara gonbidatuak"

Komunikazioan adituak direnek hartuko dute parte. Nortzuk?

Ainhoa Vitoria Gazteako esataria, Aiora Mujika @probatxoa Youtuberra eta Xabier Urzelai Goienako kazetaria izango ditugu, bakoitza egun banatan. Horretaz gain, Zuriñe Maguregi Mondragon Unibertsitateko irakaslea eta Aitor Agiriano Goienatik, ariko dira begirale eta koordinazio lanetan.

Bi txanda antolatu dituzue, ezta?

Bai, uztaileko lehen astean lehena eta bigarrenean bestea. Astelehenetik ostiralera, goiz partean: 09:00-13:30. Tartean, atsedenerako unea hartuta. 15-25 laguneko txandak antolatu nahiko genituzke. 

Izena emateko ze egin behar da?

Goiena.eus-en bada gune bat Komunikazio Udalekuak izenekoa eta hor dago informazio guztia eta baita izena emateko formularioa ere. Bertan eman behar da izena. Zalantzak argitzeko edo informazio gehiagorako, dena den, badago aukera; hauek dira bideak: 600 04 66 89 zenbakira deitu edo idatz daiteke (whatsapp eta telegram), eta helbide honetara ere idatz daiteke: komunikazioudalekuak@gmail.com.

Ze adinetakoentzako dira?

DBH-4ko eta Batxilergoko 1. mailako gazteek parte hartu ahalko dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak