Autobus-gidarienganako erasoak salatuko dituzte egubakoitzean, Donostian

Uxue Igarza Loiola 2021ko mai. 12a, 17:35

Zapatuan, hilak 8, Eibar-Gasteiz lineako erabiltzaile batek labanarekin mehatxatu zuela salatu du autobus-gidari batek. Horren harira, Enpresa Batzordeak elkarretaratzea deitu du etzirako Donostian, 11:00etan, Foru Aldundiaren eraikinaren aurrean.

Avanza Movilidad Gipuzkoako Enpresa Batzordeak azaldu duenez, zapatuan, 17:45ean, Debagoiena zeharkatzen duen Eibar-Gasteiz lineako autobusean erabiltzaile bat sartu zen "haserre", autobusaren zain "denbora asko" zeramala esanez. Soraluzeko geraleku nagusian izan zen, eta gidariak azaldu duenez, erabiltzaileak bertan zeudenak iraintzeari eta gidaria mehatxatzeari ekin zion. Gidariak Ertzaintzara deitu zuen ondoren, eta adierazi du momentu horretan erabiltzaileak labanarekin mehatxu egin ziola.

Ertzaintzak bere aldetik, jakinarazi du 48 urteko gizonezkoak "aurrekari ugari" dituela, eta mehatxu delitua egotzi diola diligentziak. Eibarko Epaitegiaren esku geratuko da.

ELAko ordezkaria den Eugenia Pablosek adierazi du "geroz eta ohikoagoak" direla gidarienganako erasoak eta erabiltzaileak "suminkorrago" daudela sumatzen duela. "Oinarrizko langileak bagara, babes gaitzatela erakundeek", gehitu du.

Elkarretaratzea, egubakoitzean

Enpresa Batzordeak elkarretaratzea egingo du etzi, gertatutakoa salatzeko. Donostiako Gipuzkoa plazan izango da 11: 00etan. "Aldundiaren eta enpresaren aurrean bizi dugun egoera salatu nahi dugu, eta langileei beren lanpostuan segurtasun handiagoa emateko eta gertatutakoa bezalako gertaerak saihesteko dagozkien neurriak har ditzatela eskatu".

Bestetik Pablosek aurreratu duenez, ELAren asmoa zerbitzuetan etenak egitea da, eta gainerako sindikatuen erantzunaren zain daudela gehitu du.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak