Señora Sariketaren lehen edizioaren finalean bi debagoiendar aritu arren, Amaia Agirrek Villabonara eroan zuen irabazlearen kapela. Dena den bai Haizea Arana eskoriatzarra eta baita Paula Amilburu aramaioarra, finalean egon ziren bailarako bi ordezkariak, "oso gustura" geratu ziren finalean egindako lanarekin.
"Helburua ez zen irabaztea, saio on bat egitea baizik eta publikoak asko lagundu zuen atzo, sekulako giroa egon zelako. Bertsotan oso gustura aritu nintzen eta horretan zeresana izan zuen bertsolari moduan oso babestuta sentitu ginela", dio Aranak. Amilbururen esanetan, bestalde, kantuan beste gozatu zuen saioa entzuten: "Denbora guztian oso goian egon zen saioa".
Sariketa, "beharrezkoa"
Sariketaren beraren inguruan galdetuta, "beharrezkotzat" jotzen dute biek ere. "Sariketa asko gustatu zait proiektu moduan. Bertsolaritza bezalako eremu maskulinoa, eta are maskulinoagoa den lehiaren eremua geureganatzea oso garrantzitsua dela uste dut. Sariketak asmatu du, umoretik eta guretik, sariketa duin bat sortzen ", azaldu du Aranak. "Parte hartzeko deitu zidatenean ez nuen espero hartu duen dimentsioa hartzea. Dena hain polita izan da... oso pozik nago. Lehiaz aparte oso ondo funtzionatu du", gaineratu Amilburuk.
Gustura geratu direnaren seinale da hurrengo batean parte hartzeko aukera izango balute, biek ere onartuko luketela erronka.