Euskal presoei keinua, mendi gailurretara igota

Maialen Santos 2021ko mai. 7a, 10:54

Izan Bidea dinamikaren baitan urrian Arrasaten egindako ekintza.

Izan Bidea dinamikaren baitan, Euskal Herri osoko 650 tontorretara irteera antolatu du Sare Herritarrak biharko. Debagoienean 29 gailur hartuko dituzte, eta argazkiak aterako dituzte eguerdi partean. Presoei "ikusgarritasuna" ematea dute helburu.

Sare Herritarrak deituta, euskal presoen, iheslarien eta deportatuen alde Euskal Herri osoko 650 mendi tontorretara igoera egingo dute bihar, zapatua; eta Debagoienean 29 tontor hartuko dituzte, denera. Arrasateko Sareko kide Enrike Letonak adierazi du presoei "ikusgarritasuna" eman gura dietela ekintza horren bitartez, eta, ildo horretatik, herritarrei irteeretan parte hartzeko dei egin diete: "Nahi duguna da presoen egoera bistaratzea eta ikusaraztea oraindik ere senideek kilometro mordoa egin behar dituztela espetxean daudenak ikusteko". Horretarako, eta presoei eta euren senideei elkartasuna adierazteko, argazkiak aterako dituzte igotako tontor bakoitzean.

Urriaren 3a ezkero atzeratuta

Iazko urriaren 3ko deituta zuten Euskal Herriko mendietara igoera, baina, eguraldi txarra medio, aurtengo maiatzaren 8ra atzeratu zuten hitzordua: "Egun hartarako elurtea iragarri zuten, eta, horrenbeste jende mugituko genuela aintzat hartuta, ikusi genuen ezbeharren bat gertatzeko arriskua egon zitekeela". Hori dela eta, hitzordua maiatzera atzeratzea erabaki zuten, pentsatuz baldintzak hobeak izango zirela, "eta hala izango dela dirudi".

Letonak adierazi du pandemiak herritar ororen bizimodua zaildu duen era berean "zaildu" duela presoen egunerokoa ere: "Esate baterako, senideen bisitak asko mugatu zaizkie". Are gehiago, uste du araudiari jarraiki gaur egun dauden euskal preso guztien artean kopuru handi batek kalean beharko lukeela dagoeneko.

Tontorrak, herriz herri

  • Arrasate. Bi tontor: Udalatx eta Kurtzetxiki.
  • Bergara. Bederatzi tontor: Asentzio, Landarraitz, Klabelinaitz, Hirutontorreta, Intxorta, Hirukurutzeta, Kurutzebakar, Elosumendi eta Krabelinaitz.
  • Oñati. Bost tontor: Aloña, Andarto, Arranoaitz, Artzanburu eta Orkatzategi.
  • Aretxabaleta. Bost tontor: Aranguren, Arlutz, Erlaitz, Elorreta eta Murugain.
  • Eskoriatza. Bi tontor: Atxorrotx eta Mugarriluze. 
  • Leintz Gatzaga. Tontor bakarra: Usakoatxa.
  • Antzuola. Bi tontor: Trekutz eta Arrola.
  • Elgeta. Bi tontor: Azkonabieta eta Egoarbitza.
  • Aramaio. Tontor bat: Teilamendi

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak