10 eta 16 urte bitarteko ikasleek zapatuan jokatuko dute Fisrt Lego League txapelketaren finala. Taldeek euren berrikuntza-proiektuak aurkeztuko dituzte banaka eta robotaren jolasa egingo dute epaimahaiaren aurrean.
Fisrt Lego League nazioarteko hezkuntza-programa bat da, eta helburua erronka tematikoen bidez haurren eta gazteen artean zientziarekiko eta teknologiarekiko interesa sustatzea da. 110 herrialdetan egiten da eta 560.000 ikaslek hartzen dute parte.
Euskal Autonomia Erkidegoan, aurten, 1.300 euskal gaztek hartu dute parte. "Sei hilabetez aritu dira berritzeko erronka honetan lanean: jolasa eta kirola berrasmatzea, gizarte aktiboagoa lortzeko", azaldu dute sustatzaileek.
16:00etan hasiko da sariketa, eta zuzenean konektatuko da hiru egoitzekin, Saioa FLL Euskadi Twitch kanalean emango da.
Finalaren aurretik, ekitaldia
Finalaren aurretik, baina, ekitaldia egingo dute goizean Mondragon Unibertsitatean, eta bertan izango dira, besteak beste, Jokin Bildarratz Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburua, María Ubarretxena Cid Arrasateko alkatea, Iker Estensoro Gipuzkoako Foru Aldundiko Ekonomia Sustapeneko zuzendari nagusia, Pilar García de Salazar Arabako Lehen Diputatu Nagusiordea eta Ekonomia Garapenaren, Berrikuntzaren eta Demografia Erronkaren Saileko Foru Diputatua, Manuel Salaverria Innobasque, Berrikuntzaren Euskal Agentziako presidentea, Ricard Huguet Scientia fundazioko (FLL Españaren erakunde antolatzailea) presidentea, Javier Goienetxea Mondragon Korporazioko Kongresuko presidentea eta Vicente Atxa Mondragon Unibertsitateko errektorea.