Kontrario gogorra UDAk; zelai zaila Bergarak

Xabier Urtzelai 2021ko mai. 7a, 18:00
Aretxabaletaren eta Beti Gazteren arteko partidu bat, artxiboko irudi batean.

Zapatuan jokatuko dute 'play-off'-erako sailkatu diren UDAk eta Bergarak joaneko partidua. Aretxabaletarrek Lesakako talde indartsua hartuko dute Ibarran, eta Añorgaren zelai txikian ahalegindu beharko dute Bergarakoek partidua irabazten. Mondrak, berriz, kanporaketa bat gainditu behar du Kopan egoteko.

Denboraldiko momentu politenaz gozatzeko unea iritsi zaie Bergarari eta Aretxabaletari: playoff-a. Aretxabaletarrek, gainera, esperantza txikia zuten sailkatzeko, baina Bergarak joan den astean Mutrikun lortutako garaipenak (3-4) faserako txartela eman die errebotez. Horren harira, Bergarako entrenatzaile Jose Javier Barkerok aitortu dio GOIENAri harrituta zegoela aretxabaletarren zalantzekin: "Aretxabaletaren kontrako derbiaren ostean ere esan nuen Mutrikura irabaztera joango ginela, partidua berdintzera joatea oso arriskutsua zelako. Halakoetan emaitzarekin espekulatzen denean... txarrerako izaten da. Gainera, sailkapenean ondo geratzea komeni zitzaigun, ondoko multzoko indartsuenak saihesteko. Mutrikura partidu serioa egitera joan ginen, irabaztera, eta, kostata, baina lortu genuen".

Hala, Barkerok aipatutako derbi hura 1-1eko emaitzarekin amaitu ostean, UDAko entrenatzaile Mikel Larburuk ere ez zuen play-off-ean egoteko itxaropen handirik, eta joan den zapatuan pozarren hartu zuen Mutrikun gertatutakoaren berri: "Uste genuen gure aukerak agortu zirela, baina, azkenean, lortu dugu igoera fasean sartzea. Mesede ederra egin digu Bergarak, oso pozik gaude. Beti Gazte izango da gure lehen aurkaria, eta orain, partiduak 180 minutukoak izango dira. Ibarran golik ez jasotzea izango da gakoetako bat".

Izan ere, Aretxabaletak ez du batere kontrario erraza, kategoriako oilar nagusia da-eta Lesakako Beti Gazte taldea (zapatua, 16:00): "Eurak dira faborito, multzoko lehenak izan direlako eta talde oso ona dutelako. 180 minutu iraungo duen partidua izango da eta gure helburua izango da etxean golik jaso ez eta itzulerako partidura bizirik heltzea", adierazi du Larburuk.

Bergarak Rezolan du hitzordua

Bergara UDA baino hobeto sailkatu da igoera faserako, eta, hasiera batean, ez du horren kontrario gogorra: Añorga (zapatua 19:00). "Añorgak ez ditu Beti Gaztek edo Hernanik dituen maila oneko jokalariak, norgehiagoka detaile batekin erabaki dezaketenak, baina talde moduan oso indartsuak dira, eta, gainera, oso ohituta daude Rezolan puntuak batzera. Alderaketa bat eginda, Antzuolako Eztala futbol zelaiaren antza du Rezolak, edozein jokaldi izan daiteke arriskutsua, baloi geldiko jokaldi bat, estrategiakoak... Urrea ateratzen dute futbol zelai horretan. Horregatik, ezin gaitezke joan hara partidua berdintzera, pentsatuz, ondoren Agorrosinen norgehiagoka irabazita kanporaketa gaindituko dugula. Kanporaketak 180 minutu ditu eta Añorgaren zelaira garaipen bila joango gara".

Mondrak kanporaketa partidua du Kopan egoteko

Liga txapelketa amaituta, Gipuzkoako bederatzi talde daude denboraldi amaiera hau Koparekin itxuratzeko asmoarekin. Hau da, ez dute lortu play-off-etarako sailkatzea, eta denboraldiari agur esan aurretik Kopan dute poztasunen bat jasotzeko azken aukera. Arrasateko taldea dagoeneko datorren denboraldia prestatzen dabil, ligako azken jardunaldian Ander Romerok hartu zuen talde zuri-morea zuzentzeko ardura, baina helburua epe ertainera begira dute. Ilusioa dute, baina, Kopa txukuna egiteko, eta txapelketa hasi aurretik jaso dute lehenengo berri txarra: gainontzeko taldeek baino kanporaketa bat gehiago gainditu beharko dute. Izan ere, Kopa antolatzeko zortzi talde behar dituzte, bederatzi daude orain, eta Mondrak eta Euskaldunak kanporaketa partidu bidez lortu beharko dute torneoan egoteko txartela (zapatuan, 16:00etan Mojategin). Oiartzun, Allerru, Ordizia, Urola, Touring, Mutriku eta Amaikak Bat dira gainontzeko taldeak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak