Aramaion hasi zuen bidea I. Señora Sariketak, eta bertan Haizea Arana eta Miren Artetxe bertsolariek eskuratu zuten finalerako txartela apirilaren 17an. Bigarren kanporaketa apirilaren 24an jokatu zen Mutrikun, eta Kalbaixoko ermitan izandakoan Saioa Alkaiza eta Paula Amilburu bertsolariak sailkatu ziren finalera. Seikotea Amaia Agirre eta Onintza Enbeita ohorezko señora gonbidatuek osatuko dute. Antolatzaileek Agirre eta Enbeita zuzenean finalean aritzeko gonbidatzea erabaki zuten, bertsolaritzan eta “señoratasunean” erreferente direlako.
Bertsosarrerak.eus atarian eta herrian bertan salgai jarritako sarrerak agortuta daude, eta beraz, plaza betearen aurrean arituko dira kantuan sei bertsolariak. Etortzerik ez duten bertsozaleek edo sarrerarik eskuratzerik izan ez dutenek bertsoa.eus atarian izango dute saioa jarraitzeko aukera.
Plazan eragitea helburu
Ekimen hau zenbait emakume bertsolarik eta bertsozale feministek antolatu dute tokiko herri-eragile eta mugimendu-feministako kideekin elkarlanean. Sariketaren helburua emakume bertsolariek elkarrekin kantatzeko aukera izango duten guneak sortzea eta hauek plazan duten presentzia aregotzea da.
Umorea tresna nagusi gisa erabiliz, señora izaerari aldarri egingo zaio. "Kontzeptu lausoa baita señora izatea, zehazten zaila, baina aldi berean, guztiok ulertzeko gai garena", diote antolatzaileek. Horrela, belaunaldien arteko sareak indartu eta emakume bertsolarien ahalduntzean pauso bat gehiago ematea da Señora sariketaren helburua.