16 urtetik gorako gazte nahiz helduentzako prestakuntza eskaintzen dute Debagoieneko Lanbide Heziketako zentroek. Oñati Institutuak, Bergarako Miguel Altunak eta Aretxabaleta Lanbide Eskolak etorkizuneko langileei zuzendutako kalitatezko, doako eta euskarazko zikloak dituzte; hain zuzen ere, hemezortzi ziklo eta bi espezializazio programa. Horiek guztiak zortzi arlo profesional barnebiltzen dituzte, eta lan mundura edo beste ikasketa batzuetarako bidea dira.
Aurrematrikula egiteko aukera hilaren 31n zabalduko da eta ekainaren 18ra arte egongo da irekita.
Formakuntza eredua, egokituta
Lanbide Heziketak duen abantailetako bat malgutasuna da, eta bakoitzaren beharretara egokitutako formazioa hautatzeko aukera luzatzen dute bailarako zentro publikoek.
Eredu presentziala aukeratu dezakete ikasleek, baina baita enpresako eta ikastetxeko jarduna lotzen dituen Duala ere. Bestetik, eskaintza partziala ere badago, hau da, zikloak moduluka egiteko aukera. Eta bukatzeko, praktikak inguruan edota atzerrian egin daitezke; azken hori Erasmus+ bidez.


