Ekintzaileei bideratutako 1,8 milioi euroko programa aurkeztu du Aldundiak

Uxue Igarza Loiola 2021ko mai. 5a, 14:25

Hiru lerro izango ditu programak: enpresa-proiektu berriak, emakumeek sustatutako enpresa-proiektuak eta oinarri teknologikoko enpresak edota enpresa berritzaileak. Iazko datuen arabera, programak 435 enpresa-proiektu sortzen lagundu zuen.

1.841.000 euroko zuzkidura izango duen programa aurkeztu du Foru Aldundiak Gipuzkoako "jarduera ekonomikoa eta berrikuntza" sustatzeko helburuarekin. 195.000 euro bideratuko dira enpresa bat sortzeko proiektuei laguntzeko, 245.000 euro emakumeek sustatutako enpresa-proiektuei laguntzeko eta 1.401.000 euro oinarri teknologikoko enpresak eta enpresa berritzaileak sortzen laguntzeko.

Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratuko dituzte oinarriak eta baldintzak, eta eskaerak aurkezteko epea zabalik egongo da urriaren 18ra arte. Halere, maiatzaren 31ko 12:00ak arte egongo da aukera, emakumeen enpresei bideratutako laguntzak eskatzeko.

Jabier Larrañaga Ekonomia Sustapeneko, Turismoko eta Landa Inguruneko diputatuak azaldu duenez, enpresen "lehiakortasuna indartzea" nahi da, eta baita ekintzailetza aurreraturako "baliabide gehiago bideratzea" ere; batez ere RIS-3 espezializazio adimenduneko estrategiarekin lerrokatutako eremuetara: "Proiektu horiek gure sare ekonomikoa dibertsifikatzeko eta eraldatzeko gaitasuna dute eta balio erantsi handiko sektoreetan kokatzen dira; hala nola, mugikortasun berrian, fabrikazio aurreratuan edo biozientzietan".

Iaz, 435 proiektu

Aldundiak emandako datuen arabera, programak 435 enpresa-proiektu sortzen lagundu zuen iaz; 223 emakumeek sustatutakoak izan ziren eta 37 start up edo oinarri teknologikokoak izan ziren.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak