Inoizko euskal selekzio indartsuena, Jaenera

Xabier Urtzelai 2021ko api. 30a, 18:00

Asteburuan Maginako mendizerrak Espainiako Txapelketa hartuko du, eta euskal selekzioak inoizko talde sendoena eramango du, bai gizonezkoetan eta baita emakumezkoetan ere. Oihana Kortazar eta Iñigo Alzola daude tartean.

"Esango nuke inoiz ez dugula Espainiako Txapelketara halako selekzio indartsua eraman", adierazi dio GOIENAri Iñaki Uribe-etxebarria hautatzaileak. Eta eskoriatzarrak nabarmendu du, gainera, bai gizonezkoetan eta baita emakumezkoetan euskal selekzioa erreferentea izango dela Jaenen. "Badira beste selekzio indartsu batzuk, oso-oso jende ona batuko da Jaenen, baina gu faboritoen taldean izango gara. Ea lasterketa onak egin ditzakegun".

Euskal selekzioa ordezkatuko dutenen artean izen garrantzitsuak daude, mendi lasterkari beteranoak, baina baita talentu handiko gazteak ere. Emakumezkoen artean egongo dira, lineako lasterketan, Amaia Razkin, Andrea Garai, Eztizen Duque, Maite Maiora, Maddi Mujika eta Oihana Kortazar. Eta hor, Kortazar elgetarra izango da nobedadeetako bat: "Oihanak urteak daramatza selekzioarekin lehiatu gabe. Azken batean, babesleak dituzten mendi lasterkariek askotan euren markekin beste konpromiso batzuk izaten dituzte, eta Espainiako Txapelketa beharrean nazioarteko lasterketetan izaten dituzte helburu garrantzitsuak. Orain, baina, lasterketa asko desagertu diren honetan, puntako atleta asko Espainiako Txapelketan izango dira, eta tartean egongo da Kortazar. Min hartuta ez badago, Oihana oso korrikalari erregularra da, eta selekzioarekin lehiatzera animatu da, seguru proba ona egingo duela".

Iñigo Alzola, bertikalean

Oihana Kortazar lineako lasterketan izango da: "Hori da selekzio moduan gure helburu nagusia, domekako lasterketa". Eta Iñigo Alzola zapatuan egingo duten kilometro bertikalean izango da: "Distantziak begiratzen ibili ginen eta hasieran uste genuen lineako lasterketak 22 kilometro izango zituela. Baina 28 kilometro gogor izango ditu, eta orain momentuan Iñigorendako distantzia luzeegia da hori. Kontrara, zapatuko kilometro bertikalean lan txukuna egin dezake".

Hala, kilometro bertikala egiteko aukeratuak izan dira Iñigo Alzola, Beñat Catarain, Asier Larruzea, Xabier Zarranz, Gontzal Murgoitio eta Andrea Garai. Eta domekako lasterketarako, berriz, emakumezkoenak moduan, gizonezkoen zerrenda euskaldunak errespetua emango die kontrarioei: Ander Barrenetxea, Ander Iñarra, Aritz Egea, Asier Larruzea, Beñat Catarain, Jokin Lizeaga, Onditz Iturbe eta Xabier Zarranz izango dira irteera puntuan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak