Ezohiko egoeran bada ere, langileen eskubideen alde borrokatzeko deia

Jone Olabarria 2021ko api. 30a, 13:30

Herritar bat Arrasaten, Maiatzaren Lehenerako aldarriak prest dituzten sindikatuen kartelak atzean dituela.

"Lan, bizitza eta pentsio duinak" aldarrikatuz "Maiatzaren 1 bateratua" egiteko dei egin dute bailarako hainbat sindikatu, talde eta eragilek, 20:00etan bergarako plazatik abiatuta. kontseilu Sozialistak 18:30ean egingo du manifestazioa herrian.

Iazkoan baino aukera zabalagoarekin bada ere, ezohikoak izango dira 2021ean Maiatzaren Leheneko aldarrikapen eta mobilizazioak. COVID-19a dela-eta ezarritako mugikortasun arauek guztiz baldintzatutako deialdia izango da aurtengoa. Sindikatuek eta eragileek mobilizazioak "segurtasun neurriak bermatuz" egingo direla behin eta berriz errepikatu arren, azken unera arte "ezjakintasuna" nagusi izango dela aurreikusten dute.

"Manifestazio eskubidea bermatua"

Aldaketa garaia da lelopean, ELAk lehen aldiz Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan deitu ditu Maiatzaren Leheneko manifestazioak. ESK sindikatuak ere lau hiriburuetan egin ditu deialdiak, Eskubideak jokoan ditugu leloarekin. LABek Gasteizen, Bilbon eta Donostian ditu aurreikusiak mobilizazioak. Eskualdeka ere antolatu ditu LABek mobilizazioak, herritarrek gertueneko herrira joateko aukera izan dezaten, eta pilaketak ekiditeko, 34 herri eta hiritan deitu dituzte mobilizazioak. UGTk eta CCOOk hiriburuetan deitu dituzte, Langile klaseari zor diogu lelopean.

Eusko Jaurlaritzatik, ordea, "itxiera perimetralaren baldintzak bermatzeko" eskaria jaso dute sindikatuek asteon, Ertzaintzaren bidez. Sindikatuek, aldiz, "lanera joateko itxitako herrietatik atera daitekeen bezala, Maiatzaren Lehenekoa bezalako jardueretara joateko eskubidea bermatuta" egon beharko litzatekeela salatu dute, "pertsonen manifestazio-eskubidea bermatuz".

Guztiak bat etorri dira, eta jakinarazi dute deialdietan beharrezkoak diren segurtasun neurriak bermatuko direla, hala nola maskaren erabilera eta pertsonen arteko distantzia.

Bailaran, deialdi bateratua

Hiriburuetara joateko zailtasunak eta mugikortasunean mugak direla eta, eskualde mailako mobilizazio bateratuak antolatu dituzte Debagoienean ere. Maiatzaren Lehena aldarrikatzeko asmotan, hainbat ekintza daude deituta zapaturako Bergaran. Bi izango dira bihar herriko kaleak aldarriz betetzea aurreikusten duten manifestazioak; 18:30erako deitu du Debagoieneko Kontseilu Sozialistak manifestazioa, Klase gorrotoa antolatu lelopean. 20:00etan egingo dute, aldiz, hainbat eragile eta sindikaturen "deialdi bateratua".

"Duintasuna" aldarrikatuz

"Lan, bizitza eta pentsio duinak" aldarrikatuz "Maiatzaren 1 bateratua" egiteko dei egin dute herriko hainbat talde eta eragilek. San Martin plazatik abia-tuko da manifestazioa, 20:00etan. Besteak beste, honako hauek dira deialdi horrekin bat egin duten sindikatu eta eragileak: LAB, ESK, ELA, Martxanterak, Pensiodunak, Ernai, Ikama, Neska gazteak, Gure Artera, Xaxau konpartsa, tabernari eta ostalariak...

Mugikortasunerako ziurtagiria

Bailaran aurreikusitako manifestazioetan parte hartu, herri arteko mugikortasuna bermatu eta herritarrek Maiatzaren Leheneko aldarrikapenekin bat egin ahal izateko ziurtagiriak prest dituztela azaldu dute sindika-tuetako ordezkariek, eta, nahi izanez gero, sindikatuetara jo edo Internet bidez eskura daitezkeela jakinarazi dute.

Kontseilu Sozialistaren deialdia

Kontseilu Sozialista Deba Bailarak Maiatzaren Lehenerako manifestazioa deitu du, 18:30ean Bergarako San Martin plazatik abiatuta. Klase gorrotoa antolatu lelopean egingo dute, eta Maiatzaren 1ean mobilizatzeko arrazoiak ugariak direla zehaztu dute: "Gaur egun bizi dugun testuinguruan areagotutako kontrol soziala salatu, langile klasea miseriara kondenatzen duen sistema kapitalista gaindituko duen antolakuntza aldarrikatu, edota maiatzaren lehena borroka eguna dela aldarrikatzea".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak