Bihar hasiko den Asturiasko Itzulian izango da Mikel Aristi bergararra

Aitor Martinez Gorosmendi 2021eko apirilaren 29a

Mikel Aristi helmugaratze unean, Valentziako klasikoan.

Euskaltel-Euskadi Asturiasen izango da bihar hasi eta igandean amaituko den hiru eguneko Itzulian. 63. edizioak hiru etapa izango ditu, eta 500 kilometrotik gorako ibilbidea.

Mikel Aristi bergararrarekin batera beste honako sei txirrindulari izango dira Asturiasko Itzulian: Antonio Angulo, Gotzon Martin, Ibai Azurmendi, Luis Angel Mate, Txomin Juaristi eta Unai Cuadrado dirak. Zazpiko honekin saiatuko dira denboraldiko lehenengo garaipena eskuratzen. Jorge Azanzak argi utzi du asmoa irabaztea dela: "Maila onean ari gara, eta lehenengo garaipena ez dugu oso urrun izan, baina errematea ematea falta izan zaigu. Saiakerak, ordea, ez du etenik izango. Horrelakoa da gure izaera".

Laboral Kutxak bi lasterketa

Bestalde, Laboral Kutxako neskek asteburuan bi aukera izango dituzte orain artekoari jarraipena emateko: larunbatean, Espainiako Kopako lasterketan eta, igandean, Euskalduna Txapelketakoan. Taldean hiru aretxabaletar egon arren, Ion Lazkano prestatzaileak oraindik ez du txirrindulari aukeraketa egin: "Zalantza pare bat dauzkagu, eta astea amaitu arte ez dut erabakiko, txirrindularien bilakaera ikusi arte. Astebururako helburu argia daukagu: orain arteko maila mantentzea, eta aukera izanez gero, Idoia Erasok eskuratu duen 23 urtez azpikoen Espainiako Kopako lidertzari eustea".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak