Hiru Haundiak mendi lasterketa urriaren 9an izango da

Imanol Beloki Unamuno 2021ko api. 27a, 17:29

Hiru Haundiak proba bateko irudia. Argazkia: hiruhaundiak.com

2020an bertan behera geratu zen pandemiaren ondorioz Hiru Haundiak mendi lasterketaren XXII. edizioa. Hala ere, antolatzaileek urriaren 9an egingo dutela jakinarazi dute, segurtasun neurri guztiak hartuta. Horrekin batera, izen emateen gaineko informazio guztia maiatzaren 10ean emango dutela. 

"Hiru Haundiak antolakuntza taldetik, jakinarazpen honi hasiera eman nahi diogu epe luze honetan zehar izan duzuen pazientzia eta ulermena eskertuz. Guretzat hilabete luzeak izan dira, zuhurtasunez lan egin eta erakundeekin etengabe harremanetan egon beharreko garaiak, aurtengo edizioari buruz ahalik eta lasterren erantzun bat emateko helburuarekin".

2020ko urriaren 17an egitekoa zen edizioa bertan behera geratu zen pandemiaren ondorioz, baina dagoeneko ofizialki adierazi dute 2021eko urriaren 9an itzuliko dela Hiru Haundiak proba. Gorbeia, Anboto eta Aizkorri mendietako tontorrak zeharkatzen dituen mendi lasterketa gauzatzeko itxaronaldia luzea izan bada ere, neurri guztiak hartuko dituztela adierazi dute antolatzaileek.

Neurri guztiak hartuta

"Gogo handiz baieztatzen dizuegu Hiru Haundiak ekitaldiaren XXII. edizioa 2021eko urriaren 9an izango dela. Hau gertaratzeko aire zabalean den ekitaldi baterako neurri guztiak kontuan hartuko ditugu: distantzia soziala, musukoaren erabilera pertsona-kontzentrazio handiko guneetan, irteera mailakatua, hornidura puntuak…hilabete hauetan zehar pixkanaka jakinaraziko dizkizuegunak". 

Maiatzaren 10ean informazio gehiago

Maiatzaren 10ean izena emateko prozeduraren inguruko informazioa plazaratuko dute antolatzaileek. Eta gaineratu dute, 2020ko zerrendak mantenduko dira, baina bajak egonez gero, itxaron-zerrendetako jende gehiagok eman ahalko du izena.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak