LAB sindikatuak Nafarroan izandako atxiloketak salatu ditu

Aitor Martinez Gorosmendi 2021ko api. 23a, 13:41

Gaurko LABen mobilizazioa Arrasaten.

Elkarretaratzea egin du gaur eskualdeko LAB sindikatuak Arrasateko Biteri plazan, aste honetan Nafarroan egindako atxiloketak salatzeko. LABen hitzetan, "patronala eta polizia elkarlanean aritu dira sindikalismo borrokalariaren aurkako operazio honetan".

Martxoaren 8an CEN enpresaburuen elkartearen egoitzan eginiko protesta bategatik eta apirilaren 9an Garbiketen greba iragartzeko ISN enpresako kamioi baten gainera igotzeagatik atxilotu zituzten sei sindikalista Nafarroan; bost Iruñean eta bat Altsasun. "Bi protesta ekintza baketsu egiteagatik", adierazi dute. Atxilotuetako lau emakumeak izan dira, eta hortaz, zera diote LABekoek: "Poliziak jomugan jarri ditu sektore feminizatuetako aldarrikapen feministak eskatzen zituen bi ekintza baketsu. Ez da kasualitatea borroka sindikal feminista gero eta indartsuagoa denean, oihartzun eta jarraipen handiagoa lortzen ari denean, erreakzio gogor, bortitza eta muturrekoa izatea".

Maiatzaren 1ean manifestazioa Bergaran

Kaleko aldarrikapen sozialak modu ekintzaile batean aurrera eramateko komunitate bat sortu behar dela adierazi dute gaurko mobilizazioan, eta Maiatzaren 1era begira antolatutako egitarauan parte hartzera dei egin dute. Apirilaren 30ean Bergarako gaztetxean (18:00) Tubacexeko borrokaren inguruko hitzaldia egongo da. Eta Maiatzaren manifestazioa 20:00etan, hori ere Bergaran.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak