Laburbirak, euskarazko film laburren zirkuituak, 18. edizioa beteko du aurten 8 laburmetraia Euskal herriko hainbat aretoetara eramaten apirilaren 26tik maiatzaren 30era bitartean. Ordiziako Herri Antzokian emango zaio hasiera gaur, eta Larrabetzun amaituko da, tartean Bizkaia, Gipuzkoa, Araba eta Nafarroako hainbat herrietatik igaro eta gero. Maiatzaren 13an, Aramaioko kultura etxean izango da, 18:30ean hasita. Maiatzaren 19an, berriz, Bergarako Seminarixoan ikusi ahalko da emanaldia, 18:30ean, eta Arrasaten, aldiz, hilaren 22an, gaztetxean, 19:00etan.
Euskaltzaleen Topaguneko Laburbirako antolatzailea den Johana Olabarriaren esanetan “Iazko pandemiaren ondorioz ikus-entzunezkoen grabaketa eta ekoizpen asko bertan behera gelditu behar izan ziren. Hala ere, badira kostata aurrera atera ziren lanak eta horiei oihartzuna emateko erantzunkizuna dugu Laburbiran”.
Laburbira XVIII. edizioa 2019-2020an grabatu eta ekoiztutako euskarazko 8 film laburrek osotzen dute. Emanaldiak irauten duen 72 minututan ikusleak gorrotoa, barrea, beldurra, jakinmina eta nazka bizitzeko aukera izango du. Jasotako film labur guztien artean 8 aukeratu dira beraien istorio eta kalitate nabarmenagatik eta jaialdietan izandako harreragatik.
Honako film labur hauek osotzen dute urte honetako Laburbira:
- Aterpean Ateri (Ruben Crespo)
- Nigandik (Imanol G. Gurrutxaga)
- Game Over (Ilune Daz)
- Ilunabarrean esan (Ekhiñe Aizkorbe, Sara Alonso, Irati Egibar, Julene Etxauri, Xabier Vallina eta Irene Zaldua)
- Babarrun Txapelketa (Andoni Mtz de Madina eta Julen de la Serna)
- Datsegit (Aitor Arruti)
- Nire eguneroko maitea (Ximun Fuchs, Manex Fuchs, Eñaut Castagnet)
- Agur (Iñigo Acha)