Bizilaguna baino abilago ibiltzeak dakarren saria

Hasier Larrea 2021ko api. 23a, 11:43

Bergarako jokalari bat baloiarekin zer egin pentsatzen, UDAko bat atzean duela.

Joan den asteburuko derbia giltzarria zen Bergararentzat eta UDArentzat, Hirugarren Mailarako igoera faserako sailkatzea baitzeukaten jomugan; berdinketak mahoneroei bakarrik egin zien mesede, eta, kontrara, ataka estuan gelditu da UDA.

Kirolaren paradoxetako bat da gaur aurkari dena bihar bidelagun izan daitekeela. Horixe gertatzen zaio Aretxabaletari Ber-gararekin gizonezkoen Ohorezko Erregional Mailako bigarren multzoko ligaxkan. Domekan, Agorrosinen elkarren arteko derbia jokatu zuten bi taldeek, eta, puntu banaketa egon bazen ere, airosoago atera ziren etxekoak bisitariak baino, ligan hamaika puntu batuta igoera fasea jokatzeko baimena eskuratu baitzuten berdegunean.

UDAk, ostera, bederatzi punturekin amaitu du zazpi partiduko lehiaketa, eta laugarrena da sailkapenean. Asteburuan atseden hartuko dutenez, gainontzeko taldeek zer egingo zain gelditu beharko dute; zehatzagoak izanda, Bergarak Mutrikuren zelaian irabazteko zain. Emaitza horrek balio die bakarrik, eta, gertatu ezean, agur esango liokete txapelketari: Mutrikuk aurre hartuko lioke klasifikazioan, eta Eibar, Bergara eta Elgoibarrekin batera sailkatuko litzateke play-off-eko final laurdenetarako.

Hala ere, UDAk Bergararengan esperantza edukitzeko argudioak dauzka, sailkapeneko bigarren postua defendatzea garrantzitsua da-eta mahoneroentzat. Modu horretan, lehen multzoko hirugarren sailkatuaren aurka neurtuko lituzke indarrak hurrengo fasean. Emaitza ona eskuratuko ez balu, berriz, hirugarren edo laugarren geldituko litzateke behin betikoz, eta, ondorioz, lehen multzoko bi talde onenetako bat izango luke epe laburrean aurkari.

Bat, Hirugarren Mailara

Esan bezala, Jose Javier Barkeroren mutilek bihar, 16:30ean hasita, Mutriku euren gain hartzea lortuko balute, sailkapen nagusia bere horretan geldituko litzateke: Eibar lehena, Bergara bigarren, Elgoibar hirugarren eta UDA laugarren. Horiek bakarrik izango lukete Hirugarren Mailarekin amesten jarraitzeko gonbidapena. Bergarak berdinduz gero, Elgoibarrek Urolaren aurka ez irabazteko zain gelditu beharko luke bigarren amaitzeko. Eta galduko balu, Mutrikuk aurre hartuko lioke, eta Elgoibarrek irabaziz gero, ere bai. Play-off-a jokatuko duten zortzietatik bakarrak lortuko du Hirugarren Mailarako txartela.

Nola zaudete liga amaierari begira?

JOSE JAVIER BARKERO, Bergarako entrenatzailea: "Aurrerapauso handia emanda, sasoi hasieran ez baikenuen espero horrela egotea. Igoera faserako sailkatzeko aukera ez dugu alferrik galdu, eta hurrengo partidan bigarren postu hori mantentze saiatuko gara. Hirugarren Mailara igotzeko, morala altu mantendu beharko dugu".

MIKEL LARBURU, UDA-ko entrenatzailea: "Oso zail jarri zaigu play-off-erako sailkatzeko helburua. Golak egiteko aukerak aprobetxatzen ez badituzu, jai daukazu, eta Agorrosinen hori pasa zitzaigun; bigarren zatian, batez ere. Berdinketa izatea pena izan zen guretzat; onartu behar dugu urduritasunez jokatu genuela".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak