Vanesa Gimbert: "Itxaropena daukat Athleticengan, ez dute ezer galtzeko"

Xabier Urtzelai 2021ko api. 17a, 11:04

Vanesa Gimbertek (Bergara, 1980) gaur 21:30ean Bartzelonaren eta Athleticen arteko partidua etxean "lasai" ikusi aurretik baditu beste zeregin batzuk, orain momentuan hasi berri duten partiduan (11:00) emakumezkoen Athleticek derbia dauka-eta Eibarren kontra, Unben: "Gurako nuke Kopako finala ikusi gure partidua irabazi eta gero, puntu beharrean gaude-eta. Hori da plan perfektua".

Bergaran realzalez inguratuta egonda Vanesa Gimbertek beste taldekide askok baino gehiago sufritu behar izan du duela hamabost eguneko Kopako porrota. Onartzen du kolpe gogorra izan zela Athleticeko zaleendako final hura galdu izana, baina uste du talde zuri-gorria errekuperatu dela, eta gaurko finalean faborito ez direnez, galtzeko baino gehiago dutela irabazteko. [Portzierto, Gimbert hasi da gaurko plan perfektua bideratzen, goizean emakumezkoen Athleticek 2-5 irabazi dio eta Eibarri, Gimberten gol eta guzti]. 

Kopako finalari heldu aurretik, partidu garrantzitsua duzue gaur Eibarren kontra, Unben.

Bai, eta partidu zaila izango da, gainera. Hain zuzen, Lezaman Eibarren kontra jokatu genuenean irabazi egin gintuzten, horrenbestez, gaurkoa ere zaila izango da. Urte arraroa dabil izaten, bai pandemiagatik eta baita kirol arloan ere. 

Sailkapenean ez zaudete berez dagokizuen tokian.

Ez, baina merituak egin ditugu hor behean egoteko, azken batean sailkapenak ez du gezurrik esaten eta guk ez dugu gure maila eman. Bolada txarrean egon gara denbora luzean eta ordaindu egin dugu. Ea atzealdeko postuetatik irteteko beharrezkoak diren puntuak lehenbailehen lortzen ditugun.

Arlo pertsonalean zer nolako urtea dabil izaten?

Nahiko gorabeheratsua, baina elite mailako kirolean hori ere nahiko normala da. Hasieran kosta egin zitzaidan hamaikakoan sartzea, baina poliki poliki geroago eta gehiago jokatzen ibili naiz. Madrilen kontra Valdebebasen jokatu genuenean min hartu nuen abduktorean eta horrek ere eragina izan zuen nahiz eta gero lesioek errespetatu egin nauten.  

Bada, ez dizut galdetuko azken denboraldia izango duzun ala... Dagoeneko nekatuta egongo zara galdera hori erantzuteaz.

Beno, bereziki neronek ere ez daukadalako erantzuna garbi. Bolada batzuk izaten dira non garbi ikusten duzun erretiroa hartzeko garaia iritsi dela, eta ondoren hainbat partidu maila onean egiten dituzu eta zalantzak etortzen zaizkizu ostera. Oso erabaki garrantzitsua denez ez da erraza erantzuten, aurrerago hartuko dut erabakia, ondo hausnartu ondoren.

Gizonezkoen taldera etorrita, Athleticen eta Bartzelonaren kontrako finala zelan jarraituko duzu gaur?

Etxean, ez dago askorik egiteko tarterik [Barreak]. Etxeratze agindua ez balitz egongo Bartzelonari irabaziz gero ondo ospatuko genuke, baina lasai egotea tokatzen da.

Dagoeneko errekuperatu zarete aurreko finaleko kolpetik?

Beno, kosta egin zaigu, gauzak diren moduan, kolpe handia izan zen. Bereziki ez genuelako taldea ondo ikusi, jokalariek eurek partidu ondoren egindako adierazpenetan esaten zuten ez zirela inongo momentuan gustura sentitu, ez zela Athletic izan, eta jokalariari horrek ematen dio benetako pena, lehiatu ez duzun sentsazioak, alegia. Zuk bertsio onena erakutsi baduzu, baina kontrarioa hobea izan bada lasai geratzen zara, baina Athletici ez zitzaion hori gertatu.

Lagunartean-eta, partidu ondoren susmoa daukat beste derbi batzuetan baino broma gutxiago eta errespetu handiagoa egon zela, orokorrean, zaleen artean. Dolu hori errespetatu egin zela.

Bada, ez dakit zer erantzun e... [Barreak]. Nire gertukoek adarra jo zidaten, eta ondo gainera.

Polemikaren bat edo beste ere izan zen ospakizunen bueltan, partidu aurretik ere norgehiagoka berotzen ibili ziren bakarren batzuk...

Gauza batzuk ez zitzaizkidan gustatu, egia esan, gauza guztien gainetik errespetua egon behar delako. Batzuetan irabaztea egokituko zaizu, bestetan galdu, baina beti jokatu behar da errespetuz. Alde horretatik, detaileren bat edo beste akaso soberan egon zen. 

Eta gaur, berriz, emozioz betetako beste egun bat.

Nik uste oraingo honetan lasaiago gaudela denok, jokalariek beste aukera berri bat dute aurrean eta nik benetan eurengan konfiantza daukadala. Behintzat euren maila ematen ikusi nahi ditut. Nik uste dut aurrekoan tentsio handiegiarekin zelairatu zirela, emozio larregi zeuden gauza onerako, presio handia zuten inork ez duelako galdu gura Reala moduko kontrario zuzen baten kontra, baina oraingoan ezberdina da. Ez dute halako presiorik, Bartzelona da faboritoa eta hor Athleticek bertsio onena eman dezake.

Marcelinok, jokoari eta emaitzei dagokienez, iraultza ekarri zuen duela hilabete gutxi Athleticera. Pasa da Marcelino efektua?

Ez dut uste halakorik egon denik. Marcelinoren etorrerarekin taldeak oso emaitza onak batu zituen, eta azken emaitzek lagundu ez dutelako ez dut uste taldearekin egiten dabilen lana zalantzan jarri behar denik. 

Azkenaldian Bartzelona ere ez dabil bikain...

Bai, eta horrek esperantza ematen digu, hau da, aurrekoan Madrilen kontrako partiduan ikusi genuen taldea ez dagoela ondo. Nahiko irregular ikusten ditut baina Bartzelonarekin sekula ez dago jakiterik, sekulako maila duten jokalariak dituzte eta jokaldi bakarra nahikoa dute min egiteko. Athleticek badaki zer den Bartzelona honi irabaztea, eta sinistuta nago ostera ere gauza bera egiteko kapaz direla. Ea lortzen duten, eta ospakizun handirik ezin badugu egin ere Kopa etxera ekartzen duten.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak