Gure Esku-k mobilizazioa deitu du uztailaren 3rako, Bilbon

Josu Bilbao Atxutegi 2021ko api. 15a, 20:11
Amalur Alvarez eta Josu Etxaburu, gaur goizeko prentsaurrekoan.

Maiatzaren 22an, herri eta eskualde mailako ekintzak egingo dituzte, eta uztailaren 3an, mobilizazio bat deitu dute Bilboko ibaiaren inguruan.

Goizean egindako gosari informatiboan eman dute uztailaren 3ko Bilboko mobilizazioaren berri Gure Esku-ko kide Amalur Alvarezek eta Josu Etxaburuk. "Ez dugu Estatuek baldintza lezaketen aterki juridiko huts bat nahi: erabakitzeko tresnak gure esku nahi ditugu", azaldu dute prentsaurrekoan. 

“Ez zaigu koherentea iruditzen Espainiako Kongresuan babes juridikoa eskatzea maiatzaren 9tik aurrera, Alarma Egoera bertan behera geratu ondoren, salbuespenezko neurriak hartu ahal izateko, eta bitartean, erabakitzeko eskubidearen gaian aurrerapausorik ez ematea”, azpimarratu du Josu Etxaburuk.

Asteburu honetan, herriz-herri kalera ateratzeko deia egin du Gure Eskuk Hamaika Gara ekimenaren baitako erreferendumaren aldeko sinadura bilketa masiboa sustatzeko. Era berean, datozen hamaika asteetarako, "apal hasi eta -egoera epidemiologikoa nabarmen okertu ezean- gorantz egingo duen mobilizazio dinamika bat aurreikusten dugu", azaldu dute Gure Eskuko kideek. 

Horrela, bi mugarri nagusi jarri ditu egutegian Gure Eskuk: maiatzaren 22an, herri eta eskualde mailako ekintzak; eta uztailaren 3an, mobilizazioa Bilboko ibaiaren inguruan. Datozen asteetan, Hamaika Gara ekimenaren eragile sustatzaileekin batera emango dituzte mobilizazio honi buruzko azalpen gehiago. "Gurekin bat egiten duen jendeari eskatzen diogu, oraingoz, data agendan gorde dezan. Esan gabe doa bizi dugun egoerara egokitutako mobilizazioa izango dela, eta uneak eskatzen dituen neurri guztiak hartuko ditugula denon osasuna zaintze aldera", azaldu dute Gure Eskuko kide Amalur Alvarez eta Josu Etxaburuk.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak