Ttap eta Zut aldizkari digitalek eduki berria estreinatuko dute aste honetan. Bi asteko maiztasunarekin argitaratuko dira atal berriak, eta guztira sei izango dira: laburrak, dibertigarriak eta bertikalean grabatutakoak, mugikorretan ikusteko.
Websailaren sortzaileak Ttap eta Zut aldizkariek iaz eskainitako Ixa websailaren egileak dira: Unai Portilla, Gorka Alvarez de Arcaya eta Egoitz Diaz. Eta ekoizpenaz Goiena Komunikazio Taldea arduratu da. Bestetik, gidoiak eta aktore lanak Barrexerka antzerki taldeko kideek egin dituzte: Maialen Sorzabalberek, Garazi Mitxelenak, Mikel Irazustak, Nerea Aranburuk, Amaia Rojok, Amaia Iraundegik, Peru Ansorenak, Ekain Arrietak eta Graxi Arregik.
Aurreratu bezala, Hau ez da niretzat-en atal bakoitzean, Maialen Sorzabalbere aktoreak gorpuztuko duen Esti banatzaileak etxez etxe eskari xelebreak eramango ditu. Banaketa bakoitzak egoera bitxi batera eramango du banatzailea, eta errealitatea edo fikzioa ote, hori ere zalantzan jarriko du Estik.
Ttap eta Zut-en hirugarrena
Ttap eta Zut aldizkariek eskainiko duten fikziozko hirugarren websaila da Hau ez da niretzat. 2019an, Ixa websail saritua kaleratu zuten, eta 2020an, Gorabeherak umorezko websaila ekoiztu eta eskaini zuten.
Ttap aldizkari digitala 2018ko uztailean sortu zen, Anbotoren, Baleikeren, Euskalerria Irratiaren, Goienaren eta Tokikomen ekimenez eta Bartzelonako Esguard aldizkariarekin elkarlanean. Ordutik egubakoitzero argitaratzen da. Eta 2019an sortu zen Zut nerabeendako aldizkaria. Gaztezulorekin elkarlanean egindakoa da eta hamabostean behin argitaratzen da, ostegunetan. Ttap eta Zut aldizkariak dohainik eskuratu daitezke, Android zein iOS gailuetarako.