Iazko apirilean osasun-larrialdiari erantzuna emateko adierazpen bateratua sinatu zuten, eta gaur, balorazioa egiteko bilera izan dute Hezkuntza sailburuak eta unibertsitateetako errektoreek. Alde guztiek dierazi dutenez, hartutako konpromiso nagusiak "osotasunean" bete dira, eta balorazio "oso positiboa" egin dute: "Funtsezkoa izan da unibertsitate-komunitate osoak, salbuespenik gabe, emaitza horiek lortzeko egin duen lana eta egokitze-ahalegina".
Bestetik, bileran azpimarratu da Hezkuntza Sailak 3.934.120 euro bideratu zituela 2020an, digitalizazio-inbertsioak finantzatzeko, eta ikasturte honetan ere "digitalizazioaren erronkari" helduko zaiola adierazi du Bildarratzek.
Aurrera begira, lankidetza
Hezkuntza Sailak, Euskal Unibertsitate Sistemako hiru unibertsitateek eta Unibasq-ek azken urteetako lankidetza "estua" eta "sendoa" izan dela adierazi dute, eta aurrerantzean ere bide horretatik jarraituko dutela adostu dute: "Lankidetzarako eta akordiorako gaitasuna bikaina izan da".
Eta finkatu dituzten beste lehentasunen artean, honako hauek zerrendatu dituzte: arreta berezia eskaintzea egokitutako unibertsitate-prestakuntza aprobetxatzeko zailtasun erantsiak dituzten ikasleei; 2021-2022 ikasturtea planifikatzea aurrez aurreko prestakuntza-eredua lehenetsiz eta digitalizazio prozesuak sendotuz; eta Osasun-krisiari eta pertsonei arreta ematea unibertsitate eremuan, lehentasuna emanez unibertsitate-komunitatearen osasunari eta segurtasunari.