Burdinolak Espainiako Ligan egin du debuta

Xabier Urtzelai 2021ko api. 6a, 11:18
Burdinolako taldekideak, Madrilen.

Burdinola Irristaketa Klubak Espainiako ligan egin zuen debuta joan den zapatuan, urrezko infantil misto kategorian. Jardunaldia Madrilgo Tres Cantosen jokatu zuten, lehenengo partiduan 10-2 irabazi zioten Iscarri, eta bigarrenean 8-5 galdu zuten lider dagoen Tucansen kontra. 

Debut ona egin du Burdinola taldeak Espainiako Urrezko Ligan. Madrilgo Tres cantosen jokatu zuten Infantil mailakoek eta jardunaldiak izan zituen bi partiduetatik lehena irabazi egin zuten, eta bigarrena –liderraren kontra– galdu. "Hasiera oso nahasia izan zen. Kontuan izan behar da entrenamendu eta lehiaketa gutxi egin ditugula denboraldi honetan. Laster hartu genuen abantaila baina Iscarreko taldea gerturatu zen markagailuan lehen zatiko erdialdean, alde batetik gure intentsitatea lasaitu genuelako eta bestetik Iscarrekoek falta asko egin zituztelako. Horren aurrean, baina, Burdinolako jokalariak berehala ipini ziren lanean sendo, eta garaipena eskuratu zuten. Oso partida ikusgarria izan zen, eta nabarmentzekoa da Burdinolako Aitor Markiegi jokalariak egin zituen zazpi golak", adierazi du Agustin Ojangurenek. 

Lehenengo partiduaren gaineko bideoa.

Liderrarekin ezin

Bigarren partiduan, berriz, Tucans indartsua izan zuten aurrean. "Partidu hasiera oso erreza izan zen eurendako eta berehala 2 gol egin zituzten. Burdinolak ez zuen lortzen pastillaren jabetza mantentzea. Lehenengo minutuetan Burdinolako jokalari guztiak ari ziren jokatzen, baina Tucansi aurre egiteko ez zegoen jokalari indartsuekin jokatzea besterik, eta halaxe hasi ginen. Laster etorri zen 2-2koa, eta lehen zatia 2-3 galtzen bukatu genuen".

Bigarren zatia estrategia berdinekin jarraitu zuen Burdinolak eta Tucans taldean urduritasuna sumatzen zen. "Burdinolak ez zuen lortzen markagailuan aurreratzea,  eta 4 minutu faltan 5-7koa egin genuen eta ematen zuen partidua berdintzeko gauza izan gintezkeela. Baina ez zen horrela izan. Hala ere, nahiz eta partidua galdu, etxeko jokalariendako garaipen moduko bat izan zen, izan ere, oso ondo jokatu zuten gazteek eta aurrean talde indartsua zuten. Partidu honetan Burdinolako Manex Salaberri atezaina oso ondo ibili zen, 70 jaurtiketatik 8 gol bakarrik jaso zituen".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak