Saioako karatekak Espainiako Kata Txapelketan lehiatu dira

Xabier Urtzelai 2021ko api. 6a, 10:28

Apirilaren 1etik 4ra bitartean Leganesen jokatu dituzte Espainiako Kata Txapelketak, eta Saioako karatekek Kyokushinkai estiloan hartu dute esku. Pozik itzuli dira Madrilgo txapelketatik. 

Espainiako Karate Federazioak lehenengoz antolatu duen estilotako Kata Txapelketa izan da Aste Santukoa. Hala, Saioako karateken txanda apirilaren lehenengo egunean izan zen, eta Arrasateko taldeak zenbait ordezkari izan zituen:
 
  • Irati Izurrategi - Kata gazte emakumezkoak (12-13 urte)
  • Xavier Varteniuc - Kata kadete gizonezkoak Kyokushinkai (14-15 urte)
  • Aitor Lasagabaster eta Iosu Madinabeitia - Kata 21 urtez azpikoak eta gizonezko seniorrak Kyokushinkai (18-20 urte).
  • Aitor Madinabeitia - Kata senior gizonezkoak Kyokushinkai
  • Leire Valor - Kata senior emakumezkoak Kyokushinkai
Aipatu moduan txapelketa erabat berria izan da eta nazioarteko izaera izan du. "Beste torneo batzuetan ez moduan oraingoan estilo berbereko karatekak izan dira aurrez aurre, ez dira egon estilo ezberdinetako katen arteko lehiak", adierazi du Carlos Sanchezek.
 
Egun osoko txapelketa
 
"Egun osoko saioa izan genuen. Iratik kanporaketa guztiak erraz gainditu zituen eta finalera iritsi zen, baina bertan ezin izan zuen irabazi. Hala ere, oso pozik geratzeko moduko torneoa egin zuen. Xavierrek bere kategoriako txapelduna izan zen karatekaren kontra galdu zuen, eta brontzeagatik lehiatzeko borrokan galdu egin zuen eta laugarren sailkatuz zen. Oso balorazio positiboa egin genuen baina egia da zapore gazi gozoarekin bueltatu zela. Arratsaldean, berriz, 21 urtez azpikoen kategorian Aitor Lasabaster eta Iosu Madinabeitiaren txanda iritsi zen lehenengo. Aitorrek kata onak egin zituen baina ez zen dominen lehian sartu. Iosuk, berriz, azpitxapeldunaren kontra galdu ostean brontzezko dominaren lehian sartu zen, eta hor bai, argi eta garbi nagusitu zen. Bi borrokalari horiek, berriz, ez zuten horrenbeste zorte izan senior mailako kategorian. Maila horretan indarrak oso parean egon ziren, eta ez ziren dominen lehian ibili. Eta, Leire Valor izan zen Saioako azken ordezkaria, txapelketa ona egin zuen baina hura ere ez zen dominetatik gertu ibili".
 
Pozik egindako lanarekin
 
Saioako lagunak orokorrean pozik geratu dira Leganesen egindako lanarekin. "Domina batzuk ekarri ditugu eta baita postu onak ere. Europako eta Munduko txapeldunak batu ziren bertan eta gure karatekek neurri oso ona eman zuten. Seguru hurrengoan emaitza hobeak lortzetik gertuago egongo garela, adierazi du Sanchezek. 
 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak