Manu Diaz: "Gipuzkoako futbolzaleok ez dugu sekula ahaztuko Sevillan bizi izandakoa"

Hasier Larrea 2021ko api. 4a, 11:39

Gipuzkoako Futbol Federazioko presidentea Cartujako futbol zelaian egon da finala bertatik bertara ikusten. Realeko jokalari historikoen alboan bizi izan du neurketa: "Belaunaldi txuriurdin gazte honek kopa gehiago altxatuko dituela uste dut".

Gipuzkoako harrobia eta futbolarien formakuntza "gero eta ospe gehiago duen" eredutzat jotzen du bergararrak: "Baina ideia hori borobiltzeko horrelako lorpena beharrezkoa zen", aipatu du, eta gaineratu "gazteek ez zutela ezagutzen txapelketa bat irabaztea zer zen, eta belaunaldi batek ez zuten titulu bat kontatzeko".
 
Manu Diazek argi dauka kirol profesionalaren munduan "ereduak emaitzekin" baieztatzen direla, nahiz eta "gero eta zailagoa" dela onartu, "zer nolako dirutza mugitzen den kontuan hartuta". Horregatik uste du atzokoak meritua handiagoa duela: "Klub erraldoien tiraniaren aurka, Gipuzkoako futbol osoak bide berdina defendatzen du. Lan izugarria klub, zuzendari, entrenatzaile eta jokalariena gure herrietan. Lan asko eta ilusioa, txapelketa bat helduko zela amestuz. Eta kopa heldu da, denon gozamenerako".
 

"Egun historikoa"

Sevillan Realeko taldearekin bizitzeko aukera izan du GFFko presidenteak "egun historiko hau": "Paseotxo bat goizean, lagun arteko bazkari bat Guadalquivirren ertzean eta ordu asko partidua hasi arte". Espero bitartean Elkanoko Nao Victoria, Zarautzen egina, bisitatu dute,  Cartuja estadiora joan aurretik. "Han futbolean bizi izan ditugun ordu luzeenak igaro ditugu; nire ondoan Arkonada, eta oso gertu Lopez Ufarte, Xabi Prieto, Agirretxe eta Zurutuza. Baina oso gertu ere Gipuzkoako zelaietan entrenatzen duten neska-mutilak".
 
Mikel Oyarzabal gola sartu duenetik "erlojua begira" egon dela aitortu du: "Minutu denak ikusi ditut markagailuan". Eta azkenik, zoramena: "Nire aurrean Ilarrak jasotzen du Errege Kopa. Emozio izugarria Sevillan eta Gipuzkoako etxeetan. Mundu osoko errespetua ere, ondo irabazita".
 
Hotelean jai giro lasaia baina luzea aurkitu duela aipatu du: "Ordu pare bat lo egin eta autobusera, kopa ondo helduta. Baina Realeko jokalariek kopa bat baino gehiago lortu dute. Belaunaldi bati falta zitzaion garaipena eskaini diote. Eta ez da azkena izango. Gora Erreala eta gora Gipuzkoako futbola!"

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak