Adituak eta zaleak ados: "Garaile justua da Reala"

Hasier Larrea 2021ko api. 4a, 11:02

Haritz Gallastegi eta Rafa Mungia, Euskadi Irratiko kirol esatariak, Cartujan.

Debagoieneko jarraitzaile zurigorri eta txuriurdinek iritzi antzekoak partekatu dituzte finalaren biharamunean. Haritz Gallastegi eta Rafa Mungiak bertatik bertara kontatu dute norgehiagoka, eta finalak utzitako zaporea komentatu diote GOIENAri. Etxetik ikusi behar izan duten zaleek ere plazaratu dituzte iritziak.

Realzaleak pozik eta gustura oheratu ziren atzo gauean, Athleticekoen artean tristura eta inpotentzia nagusitzen zen bitartean. Hala ere, euskal futbola izan da nagusi lehian, eta bai galtzaile zein irabazle, 90 minututan ikusitakoaren analisi zentzuduna egiteko gai izan dira. Hona hemen zaletu debagoiendarren ikuspuntuak:

 

Bittor Arriaran, realzalea:

"Partidu gogorra izan da, final guztiak bezala. Reala irabazle justua da, gehiago proposatu duelako eta gehiago aurkitu duelako. Sufrituta bada ere, azkenean lortu du garaipena. Duela urtebete sekulako jarrera izan zuen kopan eta faboritoa zen irabazteko. Gaur ere merezita irabazi dute. Bigarren zatian ibili da bereziki hobeto Reala. Athleticek ez du baloia aurkitu inongo momentuan, kontraerasorako ez du aukerarik izan. Penalti garbi baten bidez aurreratu da Reala, merezimendu osoz. Balkoian ospatu dugu, txanpan botila bateaz. Taldearen itzulera itxaron eta behar bezala ospatuko dugu. Pozik gaude!! Gora Reala eta gora Gipuzkoa!!"

Susana Altuna, Athleticeko jarraitzailea:

"Realzaleak zoriondu nahi nituzke lehenik eta behin. Emaitza justua iruditu zait. Partidua oso oso txarra eta aspergarria, baina Realak gol bat sartu du eta Athleticek ez. Ez dago ezer ospatzeko tamalez, baina hala eta guztiz ere , Aupa Athletic!"

 

Lur Delgado, realzalea:

"Sinetsi ezinda nago, goizean sare sozialetan begiratu behar izan dut amets bat ez dela ziurtatzeko. Hain polita izan zen atzoko eguna… Txagorritxun egiten dut lan, azken urtea oso luzea egin zait eta Reala pasioz bizi dudanez, behar nuen halako poztasun berezia. Atzo lanera Jon Bautistaren kamisetarekin joan nintzen, laguna dut eta harrotasun handiz eraman nuen haren dortsala Txagorritxura. Lanean urduri nengoen, Athletic-eko kamisetaz zetorren pazienteak artatzen aritu nintzen, profesionaltasunez.

Gola sartu dugunean oso ondo defendatu dugu, Athletic azken minutuetan gora etorri da eta luzapeneko zortzi minutuak oso luze egin zaizkit. Asko gogoratu dut nire aitona, beragatik bainaiz realzalea. Zorionez atzo, azken urteetan bezala, sekulako poza eman zigun gure taldeak. Oraindik emozionatuta nago"

 

Juan Ramon Sarasua, Athleticeko jarraitzailea (irudian, bere txakurra):

"Bai, emaitza justua izan da, Reala hobeto sartu delako partiduan. Guk ez dugu batere jokatu. Muniain, Yuri eta Williams galduta ibili dira, baina hori Realaren meritua ere izan da. Partidua ez da ona izan, baina finalak detaile txiki batean erabakitzen dira. Tentsio handiko partiduan Realak tentsio hori hobeto jakin du eramaten. Azkenean sentsazio txarrekin, baina Realeko zaleak zoriontzen ditut, merezi dute eta. Ez dut ezer ospatu, galdu egin dugu ta.  Zorionak Reala!

Adri Beloki, realzalea (ezkerreko lehena):

"Emaitza justua, baina partidua ez da polita izan. Azken urteetako derbiak horrelakoak izan dira. Norbaitek merezi bazuen irabaztea, hori Reala izan da. Ni eskoriatzarra naiz eta Arrasateko hiru lagunekin ikusi dut partidua. Gure artean komentatu dugu bukaera lasaia izan dela, Athleticek ez du gauza handiegirik egin. Sufritu dugu, bai, baina finala zelako. Bukaera zoramena izan da. Lavapieseko taberna batean ikusi dugu lehen zatia eta bigarrena lagunaren etxean. Txanpaina prest geneukan, emozioz gainezka, besarkada asko eman ditugu".

 

Ibon Leibar, Athleticeko jarraitzailea:

"Emaitza nahiko justua, Reala ez nuen oso ondo ikusi, baina Athletic oso gaizki aritu zen. Partidua oso txarra, defentsiboa eta nerbio askorekin jokatutakoa iruditu zait. Euria egin zuen hasieran, zelaia bizitzea eraginez. Paseak eta kontrolak egiteko zailtasunak jarri zituen zaparradak, erasoko jokalariei eroso jokatzea galaraziz. Athleticek saiatu behar zuen ausartagoa izaten, golaren bila joaten, baina horren ordez beldurrez ikusi nituen jokalariak. Dezepzio handia sentitu dut partiduan, baina Athleticeko kamiseta jartzen jarraituko dut datozen egunotan. Hemendik 15 egunera saiatuko gara berriz Bartzelonari Kopa irabazten, sekulako garaipena izango litzake euskal futbolarentzat.

Ez dut ezer ospatzeko, nahiz eta nire lagun realzaleei zorionak eman dizkiedan. Gogoratu nahi dut Gaizka Garitanogatik heldu garela finalera, tipo ona delakoan nago eta errekonozimendua merezi du, ez baitzuten klubetik merezi zuen bezala agurtu"

Haritz Gallastegi (Athleticekoa) eta Rafa Mungia (Realekoa):

H.G.: "Realak merezita irabazi du, aukera gutxiko partida batean. Bigarren zatian bere armak hobeto baliatu eta Athletic estu hartu du. Lehoiak ez dira gai izan txuriurdinen oldarraldiari aurre egiteko.

Partida oso taktikoa izan da, bakoitzak argi zeukan zer egin. Errespetua ikusi dut bien aldetik. Estrategia horretan Reala garaile irten da, Athleticen akats bat baliatuz. Kontrolpean eduki du talde zurigorria. Ez da partida ikusgarria izan.

Pozik nago, nahiz eta Athleticek galdu duen kopa. 2009tik Athleticek galtzen duen laugarren kopa da, guztietan egon naiz bertatik bertara kontatzen. Bada garaia baten bat irabazten ikusteko, zeren 24 irabazi ditu guztira eta ez dut bat bera ere kontatzeko aukera izan.Ingurukoak ospatzen ikustearekin konformatu behar. Akaso irabazleekin batera hartuko dut tragotxo bat, baina ez dago ezer ospatzekorik"

 

R.M.: "Emaitza justua izan dela pentsatzen dut, bigarren zatia gehiago izan da Reala. Irakurketa ona egin du atsedenaldian eta eduki dituen aukerak aprobetxatu ditu. Buruarekin jokatu du, asko arriskatu gabe eta 0-1 jarri denean ez du apenas sufritu.

Partida ez da ona izan, beldur asko egon da hasieratik. Realak bere ohiko jokoaren ñabardura batzuk erakutsi ditu, eta jokaldia ondo irten zaio Imanoli, Athleticek ez baitio hortzak erakutsi Realari. Penaltiak asko baldintzatu du partidua, baina argia izan dela uste dut. Gainera, Iñigo Martinezi txartel gorria atera beharko liokeelakoan nago.

34 urte honen esperoan, oso momentu hunkigarria euskal futbolarentzat eta Realarentzat. Realaren hotelean ospakizun txiki bat egin dugu, koparekin argazkia atera eta gure hotelera itzuli gara. Han garagardo bat hartu logelan eta listo! Ez da ospakizun handiak egiteko momentua. Iritsiko da kalean ospatzeko unea, ganoraz eta behar den bezala!"

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak