Reala, Errege Kopako txapeldun

Hasier Larrea 2021ko api. 4a, 00:15

Realeko jokalariak, Gorosabel eskuineko aldean dagoela, ospakizun giroan.

Oyarzabalek penaltiz sartutako gola nahikoa izan zaie txuriurdinei finala poltsikoratzeko. Detaileek markatuko zuten partidua izango zela entzun da bolo-bolo, eta halaxe izan da: 58. minutuan Iñigo Martinezek Porturi egin dion penaltiak erabaki du neurketa. Gorosabelek 92 minutu jokatu ditu, maila ona emanez. 

Arerioari errespetu handia erakutsiz zelairatu dira bi taldeak Cartujako finalean, erdialdean zirrikituak estaliz eta jokoa hegaletatik garatzea behartuz. Lehen minutuetan Athleticek sortu du arrisku sentsazio handiagoa, baina ez du 31. minutura arte golaukera nabarmenik eduki, Iñigo Martinezek area kanpotik eskubiarekin jaurti duen arte. Txuriurdinak eskuin hegaletik saiatu dira gehienbat, eta Gorosabelek erdiraketa pozoitsuak egin ahal izan ditu, erremate argirik sortu gabe. Defentsan ere fin aritu da arrasatearra; Muniainekin tokatu zaio indarrak neurtzea, eta nafarraren barnekaldi batean ondo eutsi dio Gorosabelek, baloia kornerrera bidaliz. Lehen zatia hutsean amaitu da, neurketa oso irekiarekin.

Atsedenalditik bueltan azeleragailua sakatu du Realak berehala. Iñigo Martinezek donostiarren kontraerasoa gelditu du eskuarekin nahi gabe, eta polemika sortu du jokaldi horrek, ez baitzegoen garbi area barruan edo kanpoan eman dion baloiak besoan. VARak asko pentsatu ostean falta izan dela ondorioztatu du epaile taldeak. 

Realaren gola, penaltiz

58. minutuan iritsi da partida desorekatu duen jokaldia. Mikel Merinok pase neurtua eman dio sakonean Porturi, eta Iñigo Martinezek, Athleticeko azken jokalariak, zangotrabatu egin du murtziarra area barruan, Realekoak baloia oinetan zeukala. Penalti garbia egin du ondarrutarrak, eta Estrada Fernandez epaileak ez du txartel gorria ateratzeko zalantzarik izan. Atzelari zurigorria zelaitik kanpo zegoenean, ordea, epaileak jokaldia berrikusi du VARean, eta erabaki du ondarrutarrak ez zuela txartel gorria merezi, horia baizik. Horrela igaro dira bost minutu, baina Mikel Oyarzabal ez da urduri jarri hamaika metroetan. Penaltiak botatzeko bere ohiko estiloan, Unai Simon atezaina bota den kontrako aldera jaurti du baloia, baita asmatu ere.

Zailena egina zuen Realak, markagailuan aurretik jartzea, baina oraindik ordu erdi luzea falta zen partidua amaitzeko. Athleticek aldaketak egin ditu aurrealdean gehiago estutzeko, baina alferrik izan dira saiakerak. Alex Remiro atezain txuriurdinak apenas gelditu behar izan du golaukelarik, nahiz eta lehoiak iritsi diren bere ate ingurura. Realeko defentsak zorrotz lan egin du azken minutuetan, atea hutsean mantentzea lortuz.

Gorosabelek, partidu borobila

Profesional moduan orain arteko partidurik garrantzitsuenean neurria eman du atzelari arrasatearrak. Iker Muniainen mugimenduak ondo defendatu ditu orokorrean, eta erasoko barnekaldietan lotsagabe egin du aurrera, aurkariaren arean baloi arriskutsu bat baino gehiago ipiniz. 92. minutuan atera da zelaitik Aritz Elustondorengatik, kopa altxatzeko sei minuturen faltan. 

Amaieran, irudi bitxia utzi du Illarramendik, klubeko langile baten laguntzaz eta herrenka igo baita Realeko kapitaina harmailetara Erregearen Kopa altxatzera. Gogotik ospatu dute garaikurra txuriurdinek, eta Cartujan egon ezin izan diren zaleek izango dute zer ospatu datozen egunotan. Kostako da tankera honetako euskal derbi bat berriz errepikatzea.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak