Euskal futbolak egun gogoangarria biziko du gaurkoan, eta letra larriz jaso dute bai euskal egunkariek eta baita Espainiako kirol egunkariek euren azaletan. Realak eta Athleticek hilabetez itxarondako partidua jokatuko dute azkenean, zaleen zuzeneko babesik gabe. Jarraitzaileen presentziarik ezak hitzordu historiko hau zipriztintzen duen arren, euskal derbiak osagai guztiak dauzka tentsio eta urduritasun handiko neurketa izateko. Asier Illarramendik ez du jokatuko, atzoko lansaioan eskuineko hankan lesio muskularra jasan zuelako. Mutrikuarrak makuluekin jarraituko du partidua harmailatik, eta bere ordez Guevarak edo Zubimendik jokatu dezake.
Dirudienez, Gorosabel hasieratik
Osterantzean, bi taldeak euren jokalari ohikoenekin zelairatuko dira Cartujako estadiora, eta badirudi hamaikako horietan egongo dela Andoni Gorosabel arrasatearra, baina oraindik ez da segurua. Realeko jokalariak bailarako bi talderi egin dizkio keinuak egunotan; UDAko kamisetarekin azaldu zen Gipuzkoako kirol kluben omenezko argazki familiarrean (goiko argazkian ageri da), eta Mondrako banderaren alboan ikusi genuen atzo.
Partida bukatu bezain azkar GOIENAk euskal derbiaren inguruko kronika egingo du.