Euskal Herri burujabea aldarrikatuko dute, hiru kanturen bitartez

Eneko Azurmendi 2021ko mar. 30a, 20:43

Gaur, martitzena, Oñatiko Foruen plazan egin dute prentsa agerraldia. Jon Irizarrek, sinatzaileetako batek, irakurri du agiria.

Euskal Herria Batera ekimeneko Oñatiko talde sustatzaileak prentsa agerraldia egin du gaur, martitzena, Aberri Egunera begira jarrita. "Keinu bat batera egitea proposatzen diegu oñatiarrei, herriko eragileei, alderdiei eta sindikatuei: apirilaren 4an kantuan egitea, denok batera, 12:30ean Oñatiko Plazan eta Urbiako zelaietan hiru kantu abestuz", adierazi dute. Halaber, euskal ikurrak balkoi guztietan jartzeko deia ere egin diete herritarrei.

Pandemiaren "aurpegi beltzena" jasan dutenei maitasuna adieraziz hasi dute agerraldia, gogora ekarriz 2020ko Aberri Egun "bereziak" erakutsi zuela Euskal Herrian ere posible dela bateratasuna. "Aski izan zen herritar talde txiki batek aukera eskaintzea, Euskal Herri osoan milaka herritarrek keinu bat batera egiteko, eta hainbat gizarte eragile, alderdi eta sindikatu ere ekimenarekin bateratzeko".

Gaineratu dute mundu zabalean komunitarismoa ari dela indartzen globalizazioaren arriskuei aurre egiteko, eta lurraldeak eta haien gainean trinkotzen diren komunitateak direla "tresnarik egokiena" pertsonei "bizitza duina eta eskubide berdintasuna" bermatzeko. "Nahi genuke Euskal Herria izatea halako komunitate bat, erabakimena eta eskubide politiko guztiak dituena, osatzen dugun kideoi duintasuna eta bermeak eskaini ahal izateko".

Bateratasuna areagotuko duen herrigintza. Horixe behar du Euskal Herriak, ekimeneko kideen esanetan, etorkizuneko proiektu politikoen oinarria izango den komunitatea trinkotzeko. "Herrigintza horretan erabili beharko dugu eztabaida demokratikoa beti, konfrontazioa behar denean eta lankidetza ahal den guztietan, herritarron, eragileen eta erakundeen indarrak norabide bateratuan jartzeko", nabarmendu dute. Modu horretan, agiriaren sinatzaileek azaldu dute haien esku dagoena egingo dutela bide horretan aurreratuko dituen dinamika sortzeko, "eta Euskal Herri bateratua irudikatzen duten ikur, ereserki eta ekintzak sustatzeko".

Azkenik, Aberri Egunean "batasuna adierazi nahi duen" Gernikako Arbola, "askatasuna adierazten duen" Txoriak Txori eta "maitasuna adierazten duen" Ikusi Mendizaleak kantuak abesteko deia egin diete herritarrei, 12:30ean hasita, plazan zein Urbiako zelaietan.

Agiriaren sinatzaileak:

  • Abarisketa, Nagore - Kooperatibista
  • Agirre, Ainhoa – Ostalaritza sektoreko langilea
  • Altube, Aritz - Urbiako Fonda
  • Altube, Nagore - Txantxiku Ikastolako irakaslea
  • Altuna, Rafael - Mondragon Unibertsitateko irakaslea
  • Arregi, Lierni - Mugimendu Feministako kidea
  • Baseta, Alaia - Sindikalista
  • Biain, Aitor - Kazetaria
  • Erostarbe, Maider - Ileapaintzailea
  • Galdos, Iñaki - Editorea
  • Ibarrondo, Arantzazu - Udal Liburutegiko langilea
  • Ibarzabal, Zigor - Ikastolen Elkartea
  • Infante, Xabier Artza - Igeriketa monitore ohia
  • Irizar, Jon - Euskalgintzako langilea
  • Irizar, Maite - Oñatzeko kidea
  • Irizar, Markel - Txirrindulari ohia
  • Jauregialtzo, Martin – Elkar Heziko irakaslea
  • Legorburu, Larraitz - Erizaina
  • Lete, Unai - Musikaria
  • Markuleta, Itziar - Langilea
  • Markuleta, Pepi – Merkataria
  • Martin, Inma – Gazte Asanbladako kidea
  • Moiua, Borja - Urgaineko irakaslea
  • Osinaga, Eneritz - Ikaslea
  • Otamendi, Aitor - Suhiltzailea
  • Said Heddu - Komunitate sahararreko kidea
  • Unzurrunzaga, Marilo - Pentsionista
  • Uriarte, Eneko - Oñatz eta Eltziako kidea
  • Uriarte, Felipe - Alpinista
  • Uriarte, Nerea - Aloña Mendiko futbol saileko kidea
  • Usandizaga, Xabin - Preso ohia
  • Zumalde, Amaiur - Medikua
  • Zumelaga, Ane - Merkataria

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak