Mondragon Korporazioak eta ONCEk bat egin dute, "prestakuntza, enplegua eta teknologia sustatzeko"

Eneko Azurmendi 2021ko mar. 30a, 21:01

Iñigo Ucin Mondragoneko presidentea, Reyes Maroto ministroa eta Miguel Carballeda ONCE Gizarte Taldeko presidentea. Argazkia: TU lankide.

Bi taldeek lankidetza hitzarmen bat sinatu dute ekonomia sozial eta zirkularra kontzeptuei "bultzada handi bat" emateko, horietan "liderrak" baitira. Era berean, prestakuntza, enplegua eta langile guztientzat, "batez ere desgaitasuna duten pertsonentzat", eskuragarri dauden teknologiak defendatu nahi dituzte. Bi erakundeek batera, ia 140.000 langile dituzte.

Mondragonek zein ONCEk ematen dituzten zerbitzuen bidez, pertsona guztientzako diseinua eta irisgarritasun unibertsala sustatzeko lankidetza programa bat osatuko dute, eta "eragin berezia" izango du espazio birtualetan, eraikinetan, instalazioetan eta zerbitzuetarako sarbidean. "Irisgarritasun teknologikoan jarriko du arreta, ONCE Fundazioko teknikarien eta adituen aholkularitzapean, adineko pertsonek edo desgaitasuna dutenek ondasunak eta zerbitzuak eskuratzeari dagokionez", azaldu dute.

"Herritarrentzako inpaktu positiboa duen akordio garrantzitsua da, gainera, behartsuenak indartzen dituelako" nabarmendu du Reyes Maroto Espainiako Industria, Merkataritza eta Turismo ministroak. "zuen erresistentzia frogatua zuen DNAn dago, Arrasaterenean eta ONCE Gizarte Taldearenean, eta horrek lagundu egingo digu, herritarrek zuen arnasa behar dutelako, ekonomia sozialaren arnasa, posible dena".

Helburu bera eta elkarlana

"Pertsona guztiak erakartzeko, orientatzeko eta laneratzeko" programak ere ezarriko dituzte, "kalitatezko enplegua lortzeko eta finkatzeko, gai horretan espezializatutako ONCE Fundazioko Inserta erakundearen laguntzarekin".

Era berean, Txakur Gidariaren ONCE Fundazioarekin eta Gor-itsutasuna duten Pertsonei Laguntzeko Fundazioarekin lankidetzan, sozialki erantzukizunez jarduteko ekintzak egingo dituzte. Gainera, bi erakundeek nazioarteko lankidetza programak bultzatuko dituzte, Latinoamerikarako ONCE Fundazioaren (FOAL) eta Mundukideren bidez.

Iñigo Ucin Mondragoneko presidenteak zera adierazi du: "Iraganean elkarrekin lan egin duten bi erakunderen arteko lankidetza da, eta bien arteko adostasuna eta gaitasun handiak baliatu nahi dituzte helburu partekatu baten zerbitzura jartzeko: gizartearentzat enplegu inklusiboa sortzea, alegia".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak