Gipuzkoako Foru Ogasunak errenta aitorpenaren kanpaina aurkeztu du

Imanol Beloki Unamuno 2021ko mar. 29a, 12:25

Jokin Perona, Irune Yarza, eta Yolanda Dominguez prentsaurrekoan.

2020ko errenta aitorpen kanpainaren aurkezpena egin dute gaur. COVID-19aren pandemiaren eraginez, inoizko Errenta kanpainarik telematikoena izan zen 2019koa, eta Gipuzkoako Foru Ogasunak digitalizazioaren aldeko bultzada horri heldu nahi dio 2020ko Errenta kanpainan. Apirilaren 12aren eta ekainaren 30aren artean egingo da aurtengo kanpaina, eta foru erakundeak Zergabidea plataforma bihurtu nahi du protagonista.

Jokin Perona, Ogasun eta Finantzetako foru diputatuak, Irune Yarza, Ogasuneko foru zuzendariak, eta Yolanda Dominguez, Zerga Kudeaketako zuzendariordeak egin duten aurkezpenan, errenta aitorpen kanpainaren berri eman dute.

"Seguruenik, gaur gaurkoz Ogasunak duen tresnarik ahaltsuena da Zergabidea, eta herritarren eskura dagoena gainera. Argi dago etorkizuna dela", esan du Jokin Perona, Ogasun eta Finantzetako foru diputatuak. Kanpainaren emaitzari erreparatuta, aurreikuspenen arabera 292,1 milioi euro itzuli eta 273,2 milioi euro jasoko ditu foru erakundeak. "Kanpainaren saldoa 18,9 milioi euro negatiboa da, pasa den urtekoa baino 39 milioi euro txarragoa, batez ere pandemiaren eraginez", esan du foru arduradunak.

Egutegia

Egutegiari erreparatuta, autolikidazio proposamenak bihartik –martxoaren 30a–aurrera egongo dira sarean kontsultagarri, eta bihar bertan hasiko da hauen posta bidezko bidalketa baita ere. Apirilaren 12an hasiko da kanpaina bera, orduan irekitzen baita proposamenak onartzeko epea. Apirilaren 15ean, berriz, Zergabidearen bitartez online egiten den modalitatea hasiko da, eta egun bat beranduago bulegoetan hitzordua hartu ahalko da. Hauek apirilaren 19an irekiko dituzte ateak, eta ekainaren 30ean amaituko da kanpaina.

'ZergaBidea', azpiegitura teknologikoa

Intuitiboa, erabiltzeko erraza eta azkarra dela esanda, diputatuak azaldu duenez, pasa den urtean, kanpainaren lehen asteetan online egin zen kanpaina, ezinezkoa baitzen aurrez aurreko arreta ematea, eta erronka orain bide telematikoek orduan jaso zuten bultzadari jarraipena ematea dela. "Horregatik, Gipuzkoako 2020ko Errenta kanpainan ere, zatirik handienean internet bidez egingo da", esan du. "Zegabidea, plataforma bakarra da, irisgarria, malgua eta erabiltzeko erraza; hau da, edozein tokitatik konektatu zaitezke, bankura edo posta elektronikora sartzen zaren bezalaxe" azaldu du.

Errentaren kasuan, 2020ko Errenta kanpaina honetan Zergabidearen bitartez etxean jaso den proposamena onartu daiteke, autolikidazio proposamena aldatu eta bertatik aurkeztu, Ogasunak zergadunari buruz duen zerga informazio deskargatu, aurreko urteetako aitorpenak kontsultatu (edozein izanda ere aurkezpen modalitatea), ordainketa moduak aukeratu, autolikidazio osagarriak aurkeztu, simulazioak egin... "Hau da, ikusten duzuen bezala, aukerak oso oso zabalak dira", azpimarratu du.

Hala ere, aurtengo kanpainan ere ahalegin berezia egingo dute aurrezko aurreko arreta mantentzeko, eta 11 bulego egongo dira irekita, lurraldeko 9 herri ezberdinetan, non 120 lagunek egingo dute lan arreta presentzialean. Bide batez, foru diputatuak agerraldia aprobetxatu eta herritarrei dei egin die, kanpaina honetan aitorpena euskaraz aurkeztera. 

Aurreikuspenak

Aurreikuspenei erreparatuta, pasa den urtean baino 2.027 aitorpen gutxiago jasotzea espero du Ogasunak, 382.000 guztira. Modalitatearen arabera, 226.000 proposamenen bitartez aurkeztuko dira (pasa den urtean baino 665 gutxiago), 53.000 mekanizatuko bulegoetan (lehengo urtekoan baino 1.543 gehiago) eta 103.000 online, Zergabidea plataformaren bidez (aurreko urtean baino 2.905 gutxiago). Emaitzaren arabera, 259.000 aitorpen itzultzera izango dira, osoaren %67,8, eta bataz beste 1.128 euro jasoko ditu zergadun bakoitzak. Guztira, 292 milioi euro itzuliko dira. Aldiz, gainerako 123.000 aitorpenak ordaintzera izango dira, guztien %32,2, eta batez beste 2.221 euro ordainduko dituzte zergadun hauek, guztien artean 273,2 milioi euro itzuliko dituztelarik. Honenbestez, kanpainaren saldoa -18,9 milioi eurokoa izango da.

Hiru modalitate

Aitorpena aurkezteko hiru modalitateei erreparatuta, proposamenak aipatu ditu lehenengo Irune Yarza, Ogasuneko foru zuzendariak. Honela, esan duenez, aurten 258.334 bidali ditu Gipuzkoako foru Ogasunak zergadunen etxeetara. Hauetatik, 166.888 itzultzera dira, eta 91.446 ordaintzera. Pasa den urtean baino 620 gehiago dira (+%0,2), eta 302.996 zergaduni eragiten diote (aitorpen guztien %67,7). "Nobedade txiki bat dago: azken bi urtetan internet bidez onartu dutenei ez diegu aitorpena bidaliko, baizik eta interneten proposamena ikusteko kode bat", adierazi du Yarzak.

Proposamena onartzeko bi bide daude, internet edo telefonoz (943 11 30 00). Aldaketekin ere onartu daiteke proposamena, sei gai hauetako bat baldin bada: etxebizitza, lokalen edo etxebizitza turistikoen alokairuen errendimenduak, ohiko etxebizitzaren alokairuaren kenkariak, dohaintzen kenkariak eta sindikatu kuotaren kenkaria. "Norberak bestelako aldaketak egitea ere posible da, Zergabidea plataformaren bidez egin baitaitezke", esan du foru arduradunak.

Bigarren modalitatea Errenta mekanizatua da, bulegoetan aurrez aurre egiten dena. "Badaude oraindik ere aurrez aurreko arreta behar duten kolektiboak, eta batez ere beraietan pentsatuta ematen dugu zerbitzua da", azaldu du. Hitzorduak hartzeko epea apirilaren 16tik ekainaren 8ra egongo da irekita, eta telefonoz edo internetez hartu daitezke.

Azkenik, hirugarren modalitatea Zergabidea plataformaren bitartez egiten den online modalitatea da. "Pasa den urtean, pandemia zela eta, gehien hazi zen modalitatea izan zen, %13 egin baitzuen gora, eta pertsona fisikoen kasuan, %60 egin zuten gora", gogoratu du. Diputatuak esandakoaren bat eginez, Yarzak ere esan du aurten ere bultzada honi heldu nahi diola Aldundiak, eta modalitate hau egonkortzen eta hedatzen jarraitu. Horretarako, Zergabidea da gakoa. Bertara sartzeko, klabe operatiboa, B@kQ, ziurtagiri elektronikoa edo BAK kodea beharko da. Azken hau eskuratzeko sinpleena, modu telematikoan lortu baitaiteke eta, gainera, pasa den urtean onartutako BAK kodeek balioko dute aurtengo kanpainan ere.

"Behin Zergabideara sartuta, proposamena baduzu deskargatu, aldatu eta aurkeztu dezake edozein zergadunek; aurreko aitorpenak berreskuratu daitezke; Ogasunak zutaz duen informazio fiskala kontsultatu… Ohiko aitorpenen kasuan, oso erreza da bide honetatik aitorpena aurkeztea, oso intuitiboa baita", azaldu du Yarzak. Gainera, nabarmendu duenez, laguntzarako baliabideak (tutorialak, telefonoko arreta…) nabarmen indartu ditu foru Ogasunak, Zergabideatik aurkezten diren aitorpen kopurua sustatzen jarraitzeko. “Beraz, herritarrak animatu pausua ematera”, borobildu du zuzendariak.

Ondarearen gaineko Zerga

Azkenik, Ondarearen gaineko Zergaren kasuan, foru arduradunak esan du aurten ez dagoela araudi aldaketa nabarmenik. Modalitate bakarra dago, Zergabidearen bitartez egiten dena, eta apirilaren 15aren eta ekainaren 30aren artean egongo da kanpaina aktibo. Emaitzei dagokionean, 59,5 milioi euro jasotzea aurreikusten du foru Ogasunak, pasa den urtean baino 7,5 milioi euro gutxiago. 7.900 zergadunek aurkeztuko dute zerga honetako aitorpena, eta bataz beste 7.527 euro ordainduko dituztela aurreikusten du foru erakundeak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak