Ustezko iragarpenak egitea zilegi da, baina derbi baten emaitza jakitea ez da hain samurra, ezta kirol aditu batentzat ere. Ibilbide luzeko profesionalak izan eta Euskadi Irratiko esatari urte mordoa daramatzaten arren, Haritz Gallastegi elgetarrak eta Rafa Mungia arrasatearrak, finalaren atarian, norgehiagoka aurreko azterketa egin gura izan dute. Apirilaren 3an jokatuko den Errege Kopan esatari lanetan arituko dira bi debagoiendarrak, eta egunerako gogoz daude.
Ikusitakoa emozioz kontatu
Intentsitate handiarekin bizi dute futbola, eta, kasu honetan ere, hala arituko dira Errege Kopako finalean. Gallastegi athleticzale amorratua eta Mungia, berriz, realzale sutsua izan arren, neutraltasunez arituko dira, ikus-entzuleei kontakizuna ahalik eta errealen egiteko asmoz.
Astelehenean Goiena telebistan
Xabier Urzelai Goienako kazetariak gidatuta, Gallastegik eta Mungiak egindako solasaldia astelehenean egongo da ikusgai Goiena telebistako Harmailatik saio berezian.
Atzera kontaketa
Goiena telebistarako egindako solasaldian, Sevillatik programa berezia egingo dutela adierazi dute bi esatariek. Bi euskal taldeen lorpenak ere izango dituzte berbagai, eta horietan bizitakoak gogoraraziko dituzte. Bi taldeak ondo daudela adierazi dute biek ere. "Realak jokalari garrantzitsuak berreskuratu ditu, eta, urte askoren bueltan lehenengo finala izanda, derbi parekatua izango da", dio Mungiak. Gallastegik, berriz, Athletic partidu bakarrera hazi egiten den taldea dela dio: "Lehiatzen dakien taldea da, eta, hori dohain bat izanda, ez du opari handirik emango".
Horrekin batera, partiduaren aurretik titularrak zeintzuk izan daitezkeen ere bota dute. "Arrastoa utziko duen finala" izango dela dio Gallastegik; eta Mungiak, berriz, euskal futbolarentzat egun eta partidu "historikoa" izango dela.