Aita Menniko langileen greba "arrakastatsua" izan dela dio ELAk

Maialen Santos 2021ko mar. 24a, 19:23
(Argazkia: ELA)

Sindikatutik azaldu dute gaurko grebaren bitartez langileek "erantzun kolektibo irmoa" eman dietela enpresaren "planteamendu atzerakoiei".

"Enpresaren egoera ekonomiko eta finantzieroa bikaina izanda ere, zuzendaritzak 2020. urtean norbere babeserako ekipamenduan izandako gainkostua langileei leporatu nahi die eta horren aurrean langileek gaur erantzun eredugarria adierazi dute", esan dute ELAtik. 

Gehitu dute azken urtean Aita Menniren diru sarrerak %7 igo direla eta azken 4 urteetan 10 milioi euroko inbertsioak egin dituela zuzendaritzak, "langileen lan baldintzak arautuko dituen hitzarmena inolako hobekuntzarik planteatu gabe". Are gehiago, azaldu dute pasa den astean egondako mahai negoziatzailean enpresak aldez aurretik adostuta zeuden edukiak baino "okerragoak" planteatu zituela.

Langileek gaur egindako "indar erakustaldia" oso positiboki baloratzen dutela esan dute sindikatutik. Baina azaldu dute Aita Mennik Gipuzkoan zehar dituen zentro askotan %100eko zerbitzu minimoak ezarri direla, "langile askoren greba eskubidea urratuz". Horretaz gain, langileen eskubideak defendatzeaz gain, osasungintzaren pribatizazioa eta merkantilizazioa gizartearen eztabaidagune bilakatzeko "urrats garrantzitsuak" eman dituzte.

Inbertsioak egiteko eskaera

"ELAtik beste behin ere, Aita Menniko zuzendaritzari langileen baldintzetan behingoz inbertitzeko eskatzen diogu, dimentsio honetako solbentzia ekonomikoa duen osasunaren arloko enpresa honetan ezinbestekoa baita", eskatu dute. Era berean, langileek azken hiru urteetan egindako borrokagatik zoriondu nahi izan dituzte sindikatutik.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak