Herritarren proiektu esperimentalei zuzendutako laguntzak aurkeztu ditu Aldundiak

Uxue Igarza Loiola 2021ko mar. 24a, 15:01

Etorkizuna Eraikiz programak 722.000 euroko aurrekontua izango du, eta laguntza jaso nahi duten proiektuek lotura izan beharko dute, besteak beste, garapen komunitarioarekin, lankidetzazko gobernantzarekin edota belaunaldien arteko elkarlanarekin.

Gipuzkoako gizarteak etorkizunean izango dituen erronkak "hautematea" eta "horiei aurre egiteko modua diseinatzea" da programaren helburua, Markel Olano diputatu nagusiak azaldu duenez: "2021eko deialdiak, bereziki, gipuzkoarron izaera komunitarioan sakontzeko ekimenetan jarriko du arreta, lankidetzaren, erantzunkidetasunaren, gizarte inplikazioaren eta talde lanaren kultura sendotuz, besteak beste".

722.000 euro bideratuko dira deialdira, eta laguntzek bi esparru hartuko dituzte. Alde batetik, "proiektu berritzaileak" lagunduko dira: gobernantza publiko kooperatiborako eredu berriekin lotura dutenak, lurralde garapen komunitarioa sustatzen dutenak, gazteen parte-hartzeari zuzendutakoak eta belaunaldien arteko lankidetza bilatzen dutenak.

Eta bestetik, euskara ardatz hartuta eta elkarlanean landu daitezkeen "proiektu esperimentalak" lagundu nahi dituztela adierazi du Olanok. Horiek honako gai hauen bueltakoak izan beharko dira: gazteak eta aro digitala, euskara eta aukera berdintasuna, hezkuntza formala eta ez formala, digitalizazioak, gizarte inklusioa eta euskara, eta hizkuntzaren rola COVID osteko gizartean.

Gipuzkoako elkarte, fundazio, enpresa, unibertsitate, GKE eta eragileek aurkeztu ahalko dituzte beren ekimenak deialdira.

 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak